Zinemaldiak Donostia saria eman zion 2005ean. Urte hartan, Willem Defoe aktorearekin partekatu zuen ohorea. Esparru eta molde askotako aktorea izan zen Ben Gazzara. Ostiralean zendu zen, New Yorkeko ospitalea batean, 81 urte zituela, pankreaseko minbizi baten ondorioz. The New York Times egunkariak baieztatu eta zabaldu zuen berria.
Jatorri italiarreko famili batean sortu zen mundura Ben Gazzara, New Yorken, 1930eko abuztuaren 28an. Actors Studio ospetsuko ikaslea izan zen, eta antzerkian egin zituen aktore moduan lehen urratsak. Broadwayn arrakasta handia izan zuen lehen urteetan, besteak beste Tennessee Williamsek idatzitako eta Elia Kazanek zuzenduriko Cat on a Hot Tin Roof antzezlanean. Zinemarako, Paul Newman hautatu zuen gero Kazanek, eta ez Gazzara.
The Strange One filmarekin egin zuen debuta Hollywooden, 1957an, eta, bi urte geroago, Otto Premingerren Anatomy of a Murder laudatuan parte hartu zuen. Zazpi Oscar sarietarako hautagai zian zen film hura, eta kritikariek nabarmendu egin zuten Gazzararen lana.
Orduz geroztik, John Cassavetes zinemagile eta adiskidearen aktore fetixea bihurturik lan egin zuen hainbat filmetan: Husbands (1970), The Killing of a Chinese Bookie (1976) eta Opening Night (1977). Gehien laudatu eta oroitu izan den rola Steve Carverren film batean egin zuen, Al Capone mafiako buruzagiaren larruan sartuta. David Mameten The Spanish Prisoner (1997) filmean ere lan egin zuen 1997an, eta telebistarako sailetan ere behin baino gehiagotan agertu zen. Run for Your Life izenekoan parte hartu zuen 60ko hamarkadaren amaieran, eta Emmy sarietarako bi hautagaitza eskuratu zituen. Hiru aldiz egon zen ezkondurik Ben Gazzara.•
Hilberria. Ben Gazzara
Cassavetesen aktore fetixea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu