Errusian jaio zen Marc Chagall, baina Paris izan zen haren inspirazio iturri nagusia. Argiaren hiriburuak bere artelanei argia ateratzen ziela esan zuen. Eta koloreen bidez azaleratu zuen argi hori. Parisen ezagutu zituen, besteak beste, kubismoa, espersionismoa eta surrealismoa. "Guztietatik edan zuen, eta bere estilo propioa sortu zuen", ohartarazi du erakusketako komisario Lucia Agirrek. "Estilo horiek modu pertsonalean erabiltzen ditu, bere istorioa kontatzeko".
Erakusketak aztertuko dituen zortzi urteko aldia Parisen hasi zuen Chagallek. Baina sorterrira itzuli behar izan zuen, senide baten ezkontzara. Hiru hileko bidaia izango zena gehiago luzatu zuen I. Mundu Gerraren hasierak. Horrek beste fase batean sartu zuen Chagall. Autorretratuek, bere familiako eta komunitateko kideen eguneroko bizitzako irudikapenek, gerrak eragindako kalteen marrazkiek eta Iraultzaren ondoren sortu zen Errusia berriaren irudikapenek osatu zuten garai horretako sorkuntza.
Bihar irekiko ditu ateak erakusketak, eta irailaren 2ra arte egongo da ikusgai. Egungo artearen oinarriak izeneko sailean sartu du Guggenheim museoak. Brasileako (Suitza) Kunstmuseum Basel museoarekin batera taxutu dute.