ZINEMA

Chun-Kyu Park korearraren 'Mould' film laburrak irabazi du Zinebi jaialdiko sari nagusia

Aitor Gutierrezen 'Anomalo' film laburrak lortu du Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko 56. Jaialdiko Euskal Zinemaren Sari Nagusia.

'Mould' filma garaile fotograma bat. ZINEBI
Igor Susaeta.
2014ko azaroaren 21a
14:19
Entzun

Alberto Garcia Ferrer kritikari argentinarrak, Carlos Balague saiakeragile eta kritikari kataluniarrak, Mwangi Hutter artista kenyarrak, Jon Sistiaga kazetari euskal herritarrak eta Olga Parn zinemagile bielorrusiarrak osatutako epaimahaiak Parken 25 minutuko fikziozko pelikularen aldeko hautua egin dute. Ama baten eta bere semearen arteko harremana dauka oinarrian. Aurrenekoa gaixo dago, eta bigarrena ez da bere logelatik ateratzen. Etxea, hortaz, desastre hutsa da. Bien arteko harremana hobetuko du, ordea, emakumezko misteriotsu baten agerpenak. Epaimahaiak pelikularen tempus-a baloratu du batez ere. 29 herrialdetako 65 lan lehiatu dira Sail Ofizialean, antolakuntzako datuen arabera.

Anomalo komedia bat da, eta epaimahaiak horren kontaera arina eta freskotasuna nabarmendu ditu. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen Gutierrezek, eta kontatzen du kiroldegiko leiho handietatik begira aurrean dagoen eraikineko auzokideak zelatatzen dituzten lagunen istorioa. Zazpi pelikula proiektatu dituzte Euskal Herriko lanei eskainitako sailean.

Latinoamerikako film onenaren saria Adam Breierren Marea-k irabazi du, Publikoaren Saria, Nara Normanderen Sem Coraçao-k, eta Espainiako Zinemaren Sari Nagusia, Javier Maciperen Os meninos do rio-k.

Gaur iluntzean egingo da sari banaketa, Arriaga antzokian, eta bihar, toki berean, saritutako lan guztiak proiektatuko dituzte (18:00).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.