Claes Oldenburgen (Stockholm, 1929) aurreneko lanak jaso dituzte Guggenheimeko erakusketan, alegia, 60ko hamarkadan AEBetan sortutako eskultura eta margolan apurtzaileak. Oldenburg: hirurogeiko hamarkada izenburuko erakusketa gaur aurkeztu dute prentsaurrean, artista bertan zela. Eta arratsaldean inaugurazio ekitaldia egin ostean, bihar irekiko dute jendearentzat.
Eguneroko objektuak ironikoki irudikatzeari ekin zion Oldenburgek 60ko hamarkadan. Eta pieza haiek AEBetako artearen panorama berritu zuten, Oldenburg bera performancearen, instalazioen eta pop artearen artista gailen bihurtzeraino. Ordea, Bilboko erakusketak argi uzten du Oldenburgen lan heterogeneoa nekez sailka daitekeela esparru hertsi batean. Kalea eta Denda instalazio aitzindariak, etxeko tresnekin eginiko eskultura handiak eta Sagu museoa lana daude, besteak beste, Bilboko erakusketan. "Begiradarekin ukitzeko lanak” direla esan du Oldenburgek. Eta ikusleei eskatu die “faborez, irudimena erabiltzeko”. Eguneroko objektu arrunten atzean bestelako irakurketak daudela iradoki du artistak.
Gertutik segitu ditu erakusketa prestatzeko urratsak. Horri eskerrak inoiz erakutsi gabeko lanak daude Guggenheimen: marrazkiak, argazkiak, filmak eta zirriborroak jasotzen dituzten kaierak.