Clermont Ferrandeko jaialdiko film labur esperimentalak, Donostian

Antzoki Zaharrean 34 ale «ausart eta moderno» ikusi ahal izango dira, gaur hasi eta larunbata bitartean

Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Clemont Ferrandeko (Frantzia) film laburren jaialdian bada sail bat Labo deiturikoa. Film labur esperimentalak ematen dituzte horren barnean. Bada, urtero bezala, Donostian aurkeztuko dituzte horiek, gaur hasi eta larunbata bitartean. Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema sailaren esanetan, 34 lan horiek «ausartak eta modernoak dira». Sarrera doan da, eta emanaldiak 20:00etan hasiko dira.

Labok bere barruan biltzen ditu izaera estandarretik haratago dauden lanak, bide berriak arakatzen dituztenak, dela irudikapenari, dela narrazioari edo esperimentazio teknikoari zein estetikoari dagokienez. 34 lan horien artean daude jaialdian sariren bat jaso zutenetako sei. Sebastian Duclocher Laboren aukeraketa batzordeko kidearen esanetan, «aurtengo bilduma beste urte batzuetakoa baino hobea da». Nabarmendu zuen lanetako asko fikziokoak zirela.

Inaugurazio ekitaldian Guillermo Garcia Carsik parte hartuko du, eta Doomed aurkeztuko. Animazio film bat da, eta animalia arraro batzuk dira protagonistak. Il Capo edota Killingthe Chickens to Scare Monkeys filmak ere aipatu zituzten atzo egindako aurkezpenean. Aurrenekoak, esaterako, Yuri Ancarani zuzendariarenak, jaialdiko sari nagusia irabazi zuen. Harrobi bateko langileen egunerokoa kontatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.