Izen ezagunez beterik dator Veneziako 68. zinemaaldia. The Ides of March George Clooneyk zuzendutako filmak zabalduko du zinemaldia, abuztuaren 31n, eta haren ondoren, besteak beste, Roman Polanski, David Cronenberg, William Friedkin, Todd Solondz, Abel Ferrara eta Alexander Sokuroven lan berriak erakutsiko dituzte sail ofizialeko lehiaketaren barruan. 21 filmek osatzen dute zerrenda, eta horietatik erdiak Europakoak dira. AEBetako zinemagintzak sei ordezkari ditu, eta Asiakoak, hiru.
Farragut North antzezlanaren egokitzapena egin du Clooneyk, AEBetako lehendakarigai batentzat komunikazioaren arloan lan egiten duen gazte idealista baten istorioa. Clooney bera da protagonista, Ryan Gosling eta Philip Seymour Hoffmanekin batera.
Suitzan etxeko atxiloaldian zegoela landu zuen Polanskik Carnage filmaren gidoia, Yasmina Rezaren Le Dieux du Carnage antzezlanean oinarritua. Aktore talde bikaina du filmak: Jodie Foester, Kate Winslet, Christoph Waltz eta John C. Reilly. Cronenbergek A Dangerous Method aurkeztuko du, psikoanalisiaren hiru figura nagusien inguruan (Carl Gustav Jung, Sigmund Freud eta Sabina Spielrein) osatutako filma. Michael Fassbender, Viggor Mortensen eta Keira Knightley dira aktore nagusiak, hurrenez hurren.
Aipagarriak dira honako lanakere: William Friedkinen Killer Joe; Yorgos Lanthimos greziarraren Alpeis —Canino filmarekin Oscar sarietarako hautagai izan zen Lanthimos—; Marjane Satrapi marrazkilariaren Poulet aux prunes, hori ere haren komiki batean oinarritua, Persepolis bezala; Aleksander Sokuroven Faust; eta Abel Ferrararen 4:44 Last Day on Earth, Willem Dafoe aktorearekin.
Lehiaketaz kanpo, Todd Haynes (Mildred Pierce), Madonna (W.E.), Al Pacino (Wilde Salome), Steven Soderbergh (Contagion) Marco Bellocchio (Nel nome del padre) eta Whit Stillmanen (Damsels in distress) lanak aurkeztuko dira. Azken horrek itxiko du jaialdia, irailaren 10ean. Ondoren, Donostiak hartuko du lekukoa.
Clooneyk zabalduko du Venezia, eta Cronenberg eta Polanskirekin lehiatuko da
Tolondz, Sokurov, Lanthimos, Garrel eta Satrapik ere zinema jaialdiko sail ofizialean parte hartuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu