Ba al zenekiten Glenn Close Connecticut-en jaio zela? Harrigarria, ezta? Ni, behintzat, txundituta geratu naiz. Aurten Donostia saria jaso duen aktore handia ez da britainiarra! Ez dakit zergatik, baina beti pentsatu izan dut Glenn Close aktore britainiarren eskolakoa zela, Helen Mirren, Vanessa Redgrave, Judy Dench, Maggie Smith, Fiona Shaw eta enparauen klubeko partaidea.
Bihar, komunikabideek Glenn Closeri buruzko informazio ugari ekarriko dute. Paco Porrasen moduan, brokoli puska buruan jarri eta asmatzaile lanetan hasiko naiz. Glenn Closek, berezkoa duen elegantzia horrekin, eskerrak emango ditu sariagatik eta Donostia, Zinemaldia eta bertoko jendea marabillosoak direla esango du. Eta ez zaio arrazoirik falta.
Donostia sariak une eta argazki errepikaezin ugari utzi dizkigu: Bette Davis, Lauren Bacall, Robert Mitchum, Fernando Fernan Gomez, Francis Ford Coppola, Jeanne Moreau, Liv Ullman...
Nik, ordea, beste une ahaztezin horietako bat nabarmendu nahi nuke. Eta ahaztezina diot, ez ahaztu ez dugulako, baizik eta ahaztea komeni ez delako. Duela hamar urte gertatu zen. Badakit hamarkada bat atzera joatea historiaurrera jotzea dela. Twitter kazetaritza garaian duela hamar urte, hilabete, egun edo ordu gertatutakoak ia inori interesatzen ez zaizkiola. Akordatzen al da inor mundua buruz behera jarri behar zuen Wikileaks aferaz?
New Yorkeko irailaren 11ko gertakizunen osteko jaialdian gertatu zen. Escape to Paradise filmean egindako lanagatik Zilarrezko Maskorrajaso behar zuen aktore kurdua, Duzgun Ayham, ez zen azaldu saria jasotzera. Egun batzuk lehenago, Bilboko aireportuan, poliziak bere «itxura susmagarriagatik» atxiki egin zuen. Gauzak argitu eta konpondu ziren, baina aktore kurduak ez zuen Donostiara itzuli nahi izan saria jasotzera. Ez da Paco Porras izan behar Duzgun Ayhamek Donostiaz, Zinemaldiaz eta bertoko jendeaz zer pentsatzen duen asmatzeko.
Donostiako 59. Zinemaldia. Plano subjektiboa
Close eta Ayham
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu