Codex Calixtinus eskuizkribua desagertu da Santiagoko katedraleko artxibotik (Galizia). XII. mendeko idazkia Donejakue bidearen lehen gidatzat hartzendute, eta aukera berezietan bakarrik erakusten zuten. Kutxa gotortu batean gordeta zuten, beste hainbat dokumenturekin batera, baina hori bakarrik falta da. Gertatutakoa ikertzen ari da Polizia, desagertzearen nondik norakoak argitzeko. Polizia zientifikoa eta judiziala lanean ari dira, munduko hainbat adituren laguntzarekin. Europako protokoloak ere martxan daude, mota horretako obren salerosketan aritzen diren merkatuak kontrolatzeko.
Asteartean ohartu ziren izkribuaren faltaz. Katedraleko dean Jose Mari Diazek azaldu zuenez, artxiboan lan egiten duen aztertzaileetako bat konturatu zen kodexa falta zela. «Lau langileren artean bilatzen aritu ginen, bai haren kutxan, baita inguruko lekuetan ere». Inon topatu ez zutenez, poliziari abisu eman zioten, salaketa jartzeko. «Eramanzuenak bazekien dokumentuak zer-nolako balioa zuen, eta bazekien horretara nola heldu», esan zuen Diazek. Izkribua zaintzen 800 urte eman ondoren, «lapurreta baten biktima» sentitzen da kabildoa.
Piezak ez du asegururik, eta ez dakite katedralaren aseguru orokorrak estaliko duen. Eskuizkribua zegoen gelako ate eta sarrailak behartu gabe daude, eta hiru lagunek besterik ez zuten gela horretara sartzeko aukera. Segurtasun neurrien inguruan argibide askorik eman gabe, klaustroko angelu guztietan kontrolak daudela adierazi zuen Diazek, beraz, «sartzen den edonoren argazkia lor daiteke». Duela hilabete inguru ikusi zuen azkenekoz Diazek; dena den, bere kolaboratzaileetako bat «ziur dago aurreko astean bere tokian ikusi zuela».
Balio historiko eta musikala
Carlos Villanueva Santiagoko unibertsitateko katedradunak ongi ezagutzen du dokumentua. Kodexa aztertu du urteetan, eta «kolpe izugarritzat» jo du pieza desagertzea. Obraren «neurrigabeko» balio ekonomikoaz ohartarazi du, baita balio historiko eta musikalaz ere. «Historia ezagutzeko ezinbesteko alea da; gainera, Santiagoko liturgian bakarrak diren piezak gordetzen ditu». Izkribua ondo babestuta zegoela dio, «bakartuta eta iristea zaila den toki batean». Dena den, espezializatutako lapurreta baten hipotesia ez du baztertzen Villanuevak. «Enkarguz lapurtzen duen norbait izan dela pentsatzea ez litzateke zientzia fikzioa».
Kezkatuta agertu dira Galiziako politikari eta kultur arloko eragileak desagerpenaren aurrean. Xuntako presidente Alberto Nuñez Feijook izkribuaren «balio historikoa» azpimarratu du, baita «Galiziaren, Espainiaren eta gizadiaren ondarearentzat duen esanahia» ere. Hala ere, itxaropentsu azaldu da; haren ustez, «orain garrantzitsuena gertatutakoa ezagutzea da, eta pieza noiz eta nola desagertu zen jakitea». Ramon Villares, Galiziako Kulturaren Kontseiluko lehendakaria, iritzi berekoa da. «Ekarpen berezia da Europako kulturarentzat, baita Galiziakoarentzat ere». Angeles Gonzalez-Sinde Espainiako Kultura ministroak ere kezka adierazi du, baina segurtasun indarren lanean konfiantza osoa du kodexa berreskuratzeko.
Feijoo Xuntako presidenteak argi utzi nahi izan du zein den kodexaren jabetza: «Eliza katolikoarena da, eta ez administrazio publikoarena». Eliza titularra dela azaldu du, elizan baitaramatza urteak. Bitan bakarrik atera dute liburua katedraletik, bi erakusketatarako; azkena, 1993an. Eskuizkribuaren kopia bat gordetzen dute Santiagoko katedralean; museoa bisitatzen duen edonork ikus dezake. Codex Calixtinus-en galizierazko ale bat ere bada, iaz amaitu zutena.
Erromesen gida
Liber Sacti Iacobi sortako obra baliotsuenetako bat da Codex Calixtinus-a, eta bereziki esanguratsuak dira liburuko ilustrazioak. Idazki liturgikoak, sermoiak, pasadizoak eta abar biltzen ditu, baita Donejakue bidea egin nahi duen erromesarentzat aholkuak ere: eliza eta ospitaleen kokalekuak, edangarria den ura duten iturriak, herritarren ohituren inguruko informazioa... Calixto II.a Aita Santuak Santiagora egindako bidean ikusitakoak kontatzen ditu bosgarren liburuan; egilea ordea, Aymerico Picaud izan zela diote hainbat adituk. Nafarroatik pasa zireneko pasadizoak eta euskarazko hitzak ere biltzen ditu obrak.
'Codex Calixtinus' Donejakue bideko lehen gida desagertu da Santiagon
Katedraleko kutxa gotortu batean gordeta zegoen XII. mendeko eskuizkribua; ez dago indarkeria arrastorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu