Coendarrek erabateko garaipena lortu dute Oscar sarien 80. ekitaldian. No Country For Old Men-en izaera iluna oztopo gisa ikusten zutenak oker zebiltzan, urte askoan zinema independentean aritutako egileak saritu baititu Hollywoodeko Akademiak. Eta ez halamoduz. Film onenaren Oscar saria, zuzendari onenarena, egokitutako gidoi onenarena -Cormac McCarthyren eleberrian oinarrituta- eta bigarren mailako aktore onenaren aitortza -Javier Bardemek irabazia- jaso ditu filmak, aurtengo garailea nor izan den garbi utzita.
Ethan eta Joel Coenek bazuten Oscar sari bat lehendik ere, 1996an Fargo-ren jatorrizko gidoiari esker lortutakoa -Frances McDormandek aktore onenaren Oscarra irabazi zuen, halaber-. Orain, berriz, Hollywood belauniko jarri dute Miller's Crossing, Barton Fink eta The Big Lebowski-ren egileek. Gau berean hiru Oscar sari lortu dituzten zinemagileen multzo txikian sartu dira, Francis Ford Coppola (The Godfather), James Cameron (Titanic) eta Billy Wilder (The Apartament) egileekin batera.
Zuzendarien hiru Oscar sariei Javier Bardemena gehitu zaie gainera, Anton Chigurh beldurgarriaren interpretazioarekin espainiarra gailendu baita bigarren mailako gizonezko aktore izendatuen artean, iragarritakoa betez. Horrenbestez, indarkeria lehorreko pertsekuzio thriller gogorra protagonista bilakatu da aurtengo Oscar sarietan. Halaxe nahi izan du Hollywoodeko Akademiak, film komertzialak, politikoki zuzenak eta epikoak lehenesteko orain arte izan duen joera alboratuz.
No Country For Old Men-ek bezainbeste izendapen zituen There Will Be Blood-ek; zortzi, hain zuzen. Ez alferrik, biak ziren faborito nagusiak. Baina Paul Thomas Andersonen filmak Oscar sari garrantzitsu bakarra lortu du: Daniel Day-Lewisek eskuratutako gizonezko aktore onenaren saria. Daniel Day-Lewisen bigarren Oscarra da hau, 1989an My Left Foot-en egindako lanarengatik saritu baitzuten. Beste lau aktore garrantzitsuri gailendu zaie Day-Lewis, besteak beste Viggo Mortenseni (Eastern Promises) eta Tommy Lee Jonesi (In The Valley of Elah). There Will Be Blood filmak irabazi duen beste saria argazki onenarena izan da; Robert Elswiti eman diote, hain justu. Petrolioaren negozioa eta anbizioa uztartzen dituen istorio gordinaren arduradunek bi sari horiekin konformatu behar izan dute.
ALBERTO IGLESIAS SARIRIK GABE. Zazpina izendapen zituzten Tony Gilroyren Michael Clayton-ek eta Joe Wrighten Atonement-ek, baina bata zein bestea sari txikiarekin irten dira azkenean. Tony Gilroyren lanak Oscar bat lortu du, Tilda Swintonek irabazitakoa bigarren mailako emakumezko aktorearen atalean; eta Joe Wrightenak beste bat, Dario Marianelliren musikari emandakoa. Alberto Iglesias donostiarrarekin lehiatu da Marianelli, eta, beraz, Iglesias -The Kitte Runner-en musikarengatik zegoen izendatua- Oscar saririk gabe geratu da bere bigarren izendapenean. 2006an izendatu zuten lehen aldiz Alberto Iglesias, The Constant Gardener-en musikarengatik, baina orduan ere ez zuen lortu Oscarra.
Juno zen izendapen garrantzitsuak zituen beste lana: film onenarena, zuzendariarena (Jason Reitman), emakumezkoa aktorearena (Ellen Page) eta jatorrizko gidoi onenarena irabazteko hautagaia zen. Diablo Codyren jatorrizko gidoia saritu dute, baina hori izan da haurdun geratu den nerabe baten istorio sentikorrak lortu duen Oscar sari bakarra.
Horrez gain, aktoreen alorrean Hollywoodeko Akademia eskuzabal aritu da europarrekin. Marion Cotillard frantziarrak irabazi du emakume aktore onenaren Oscar saria, Olivier Dahanen La Vie en Rose-n Edith Piafen rola jokatzeagatik. Ingelesez besteko film batean egindako lanarengatik sari hori irabazten duen bigarren europarra da; Sofia Lorenek 1960an lortu zuen aurretik, Vittorio de Sicaren La ciociara-n jokatutako rolarengatik. Maila batean ezustean hartu dute askok Cotillarden garaipena, hautagaien artean beste batzuk jotzen baitzituzten faboritotzat; esaterako, Julie Christie (Away from Her) eta Cate Blanchett (Elizabeth: The Golden Age). Hala, Cotillardek aktore europar sarituen zerrenda osatu du, Tilda Swinton, Daniel Day-Lewis eta Javier Bardemekin batera.
'RATATOILLE', ANIMAZIOKO ONENA. Europara etorritako beste sari batzuk ere badira. Esaterako, ingelesez besteko film onenaren saria Stefan Ruzowitzky austriarraren Die Fälscher-ek irabazi du. La Vie en Rose frantziarrak beste Oscar bat lortu du gainera, makillajearena, eta Once film irlandarraren Falling Slowly-k kantu onenaren Oscarra irabazi du. Halaber, arima europarra du Ratatouille-k, europarra ez den arren; Parisko luxuzko jatetxeetan dago girotua Pixar etxeko lana, Parisko glamourrean, eta animazioko alorreko Oscarra irabazi du.
Sari teknikoen atalean, Paul Greengrassen The Bourne Ultimatum azpimarratu behar da, hiru sarirekin: muntatzearena eta soinuaren ataleko bi. Bitxikeriak bitxikeria, soinuaren atal horretan Kevin O'Connell izendatuta zegoen aurten, Transformers-en egindako lanarengatik. O'Connell 20 aldiz izan da hautagaia, eta oraindik ez du Oscarrik irabazi.
Coendarren aurrean belauniko
'No Country For Old Men' filmak lau Oscar irabazi ditu, film eta zuzendari onenarenak tartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu