Homosexualitatearen gaiari buruzko film batek irabaziko du azkenean Oscar sari nagusia? Hori da airean dagoen galdera azken asteotan. Izan ere, orain arte Hollywoodeko akademiak sekula ez dio sari handiena eman homosexualitatea jorratu duen pelikula bati.
Baina atzoko izendapenak jakin eta gero, Ang Leeren cowboy bien maitasun istorioa lehen lerroan ipini da hrretarako. Taiwango zinemagile horren filmak zortzi izendapen lortu ditu: film onenarena, zuzendari onenarena, gizonezko aktorearena (Heath Ledger), bigarren mailako gizonezkoarena (Jake Gyllenhaal), bigarren mailako emakumezko aktorearena (Michelle Williams), egokitutako gidoiarena, argazkiarena eta musika onenarena. Annie Proulxen eleberriaren zinemaratzeak, baina, ez ditu oso urrun beste bi film. Paul Haggisen Crash-ek eta George Clooneyren Good night and good luck-ek sei izendapen jaso dituzte, eta biak dira hautagai film onenaren Oscar saria irabazteko. Gainera, Munich-ek eta Capote-k bost izendapen jaso dituzte, film onenarenak barne. Arrazakeriaren oinarria duen drama eraiki du Paul Haggisek Crash lanean. George Clooneyren Good night and good luck, berriz, Edward R. Murrow, CBSko kazetari ospetsu bati buruzko drama da, kazetaritzaren inguruan eraikia. Oscar nagusirako beste hautagaiak, Steven Spielbergen Munich eta Bennett Millerren Capote, dramak dira era berean, baina desberdinak oso. 1972an, Municheko olinpiar hirian egin zuten atentatuaren inguruko filmarekin Steven Spielbergek asko arriskatu duela esan du batek baino gehiagok. Bennett Millerrek, berriz, Truman Capote idazlearen biopic-a osatu du Capote-n. Bost lan horietako batek lortuko du Oscar nagusia, eta film horietako bost zuzendarietako batek lortuko du zuzendari onenaren Oscar saria, bostak baitira hautagaiak.Filmen artean Brokeback Mountain nabarmendu den bezala, zinemagileen artean, George Clooney nabarmendu da. Deigarria da Clooney lau mailatan dela hautagai Oscar bat lortzeko: zuzendari, gidoigile eta ekoizle gisa kredituetan ekoizle modura azaltzen ez den arrenGood night and good luck filmarengatik, eta bigarren mailako aktore gisa Syriana-n jokatutako rolari esker.
Brokeback Mountain-eko cowboy-etako batek, Heath Ledgerrek, aktore onenaren izendapena jaso du; bestea, Jake Gyllenhall, bigarren mailako aktore onenaren kategorian izendatu dute. Ledgerrek maila goren horretan lehiakide izango ditu Philip Seymour Hoffman (Capote), Terrence Howard (Hustle and Flow), Joaquin Phoenix (Walk the line) eta David Strathairn (Good night and good luck). Emakumezko aktore onenaren saria irabazteko, berriz, hauek jaso dituzte bost izendapenak: Judy Dench (Mrs Henderson Presents), Felicity Hoffman (Transamerica), Charlize Theron (North Country), Reese Witherspoon (Walk the line) eta Keira Knightleyk (Pride and Prejudice)
Alberto Iglesias, Oscar sariaren bila
Musika onenaren izendapenetan, Euskal Herriko konpositore bat dago: Alberto Iglesias (Donostia, 1955). Iglesiasek sortu du The Constant Gardener entzutetsuaren musika, eta Oscarra eskuratzeko lehiatuko da Gustavo Santaolallarekin (Brokeback Mountain), John Williamsekin (Memoirs of a Geisha eta Munich) eta Dario Marianellirekin (Pride and Prejudice).
Alberto Iglesias Euskal Herriko sormenaren argia bihurtu da aurtengo Oscar sarietan, baina itzala ere bada. Hain zuzen, rol hori Montxo Armendarizen Obaba-ri egokitu zaio. Obaba-k ez du lortu ingelesez besteko film onenaren izendapenik. Espainiako akademiak maila horretan lehiatzeko aukeratu zuen Armendarizen lana, baina Hollywoodeko akademiak ez du aukeratu.Martxoaren 5ean, Los Angelesen (AEB), Kodak antzokian, egingo dute 78. Oscar sarien banaketa gala.
'Cowboy' sentikorren ordua
Azken asteetan hainbat sari banaketak finkatu duten joera berretsi du Hollywoodeko akademiak 78. Oscar sarien izendapenerako galan. Ezusterako tarte txikia utzi zuten atzo, zinema akademiako presidente Sid Ganis eta Mira Sorvino aktorearen iragarpenek. Brokeback Mountain-ek, Ang Leeren film miretsiak, zortzi izendapen jaso ditu, eta, horrenbestez, faborito bihurtu dute. Sei izendepenekin geratu dira Crash eta Good night and good luck.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu