Artea

Cristina Iglesiasen eskultura Santa Klara uhartera eraman dute

Helikopteroz garraiatu dute artelana, zatika. Urte amaierarako instalatuta egotea aurreikusten dute, eta heldu den urteko udaberrian bisitatzeko aukera egotea.

Iglesias eta Goia, Pasealeku Berrian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2020ko uztailaren 21a
11:43
Entzun

Cristina Iglesias artistaren (Donostia, 1956) brontzezko eskultura Donostiako Santa Klara irlara eraman dute, helikopteroz. Pieza zatika garraiatu dute, eta zenbait bidaia egin behar izan ditu helikopteroak. Uharteko itsasargi barruan kokatuko dute obra, eta itsas hondoa irudikatuko duen brontzezko ontzi handi bat izango du oinarri. Urte amaierarako instalatuta egotea aurreikusten dute, eta, hala, heldu den urteko udaberrian bisitatzeko aukera egotea. Artistak berak eta Eneko Goia Donostiako alkateak Pasealeku Berritik ikusi dute prozesua, goizean goizetik.

Helikopteroa 06:30ean hasi da piezak Aquarium ingurutik uhartera eramaten, Iglesias eta Goia han zirela. Iristean, lore sorta bat jarri dute biek helikopteroa aireratu den lekuan, Haritz Galarraga pilotu donostiarraren omenez. Orain bi aste zendu ziren Galarraga eta haren lankide bat, helikoptero istripu batean, Katalunian. Hark gauzatu behar zuen eskulturaren piezak eramateko prozesua —iaz, itsasargian lanak egiteko beharrezkoa zen garabia ere berak eraman zuen irlara, piezaz pieza—.

Goiaren hitzetan, «beste mugarri bat» bete da artelana uhartera eramanda. Lanek aurrera jarraitzen dutela eta epeak ongi betetzen ari direla adierazi du, nahiz eta neguan izandako eguraldiagatik eta pandemiak sortutako egoeragatik hainbat zailtasun ere izan diren. Hala, lan guztiak urte amaierarako amaitzea espero dutela iragarri du Donostiako alkateak, eta obra heldu den urteko udaberrian bisitatu ahal izango dela ere bai. Urtaro horrek, haren hitzetan, aukera emango du obrak hiriarentzat izango duen garrantziaren mailako irekiera bat antolatzeko. «Nazioarteko erreferente bat izango da eskulturaren eta artearen munduan», gaineratu du.

Iglesias, berriz, «oso hunkituta» agertu da, eta piezak eramateko unearen garrantzia nabarmendu du. Lantalde osoaren zeregina goraipatu du, eta, behin elementu guztiak irlan daudela, pieza muntatzen hasiko dela azaldu du. Itsasargiaren barruan, obra ikusteko plataforma bat jarriko dute, eraikinaren estalkia berregingo dute, eta leihoak alabastroz landuko dituzte. Udan eta udazkenean argiarekin eta urarekin probak egiten ariko da artista.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.