«Moralaz kanpo bada pentsatzerik, literaturaren bidez. Egia eta gezurraren arteko banaketak ez du balio literaturan». Fito Rodriguez idazleak Buru ta zioak aforismoz osatutako saiakera kaleratu du, irakurtzeko zaletasunaren inguruko gogoeta eginez. «Mundua modu esanguratsuan irakurri ahal izateko liburua da», egilearen aburuz. Literaturaz hitz egiteko literatura, alegia.
Idazkeraz eta irakurtzeko zaletasunaz aritzeko hiru letra mota erabili ditu Rodriguezek, gai bera jorratzeko hiru ikuspuntu. Georges Steinerrek zioenez, pentsatzeak ez dakar ebazpen zehatzik, berez kontraesanetan (aphorie-etan) murgiltzea baita. Kontraesan horiek irudikatu ditu Rodriguezek Utriusque Vasconiae argitaletxearen Ideiak sailean kaleratu duen liburuan. «Ideia ez da irtenbide bat, arazoa da bere baitan».
Nola irakurri eta idatzi behar den literatura. Ideia hori garatu du Rodriguezek, sortzen zaizkion kontraesanak bederatzi ataletan aletuz: «Bakardadean ala talde lanean, klasikoen bidez ala esperimentazioaren bidez, hausnarketaz ala komunikatzearen premiaz, ahozko hizkuntzatik alaidazkuntzatik, plazerez ala diziplinaz, modu zuzenduan ala askean, eskola dela medio ala etxeko giroaz baliaturik, saiakera bidez ala fikzio bidez, curriculumetan sartuz ala soilik jakin-minez».
Atal bakoitza izendatzeko Baga, biga, higa, laga, boga, sega, zai, zoi, bele hitzak erabili ditu. «Modu batean herritarra den kantua, baina, era berean, erudiziora ere eraman daitekeena». Kontraesan bat gehiago.
Ohiz kanpoko saiakera
Veneziako San Markoz eliza ondoko kantoi batean idazleak berak ateratako argazkiak betetzen duliburuaren azala. Irudi horrek laburbiltzen du atzetik datozkien 161 orrialdeen mamia. Harriaren gainean idatzita, bost-sei letra ageri dira, tartean «zan», «bat», eta «nik» irakur daitezkeelarik. «Argazkia atera nion euskaraz irakur nezakeelako, segur aski beste hizkuntza batean idatzia egon arren. Gertatzen dena da dakigunaren arabera irakurtzen dugula dena, baita mundua ere».
Estilo aldetik ere paradoxa ekarri du Rodriguezek, ohiz kanpoko saiakera sortuz. «Normaltasunak desegin egiten gaitu, anestesiara eramaten gaitu». Trinkotasuna eta arintasuna uztartu ditu, liburua aforismoz osatu baitu. Jokin Apalategi editoreak azaldu duenez, literaturzaleentzako saiakera hau txokolatea jaten den eran irakur daiteke, ontzaka, aforismoka. «Irakurleak saiakerara erraz hurbiltzeko asmoa du».
DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
«Dakigunaren arabera irakurtzen dugu mundua»
Fito Rodriguezek 'Buru ta zioak' saiakera kaleratu du, irakurtzeko zaletasunari buruzko gogoeta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu