Dantza, zubi lana egiteko modua

Dantzaldiaren 13. aldia hasiko da gaur Bilbon, eta hiriko zazpi gunetan egingo dira emanaldiak martxoa amaiera arte

Bastardproduktions suediarren Roses&Beans-eko une bat. FUNDICION.
Igor Susaeta.
2012ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
«Jakin-mina daukaten ikusleak maitemindu nahi ditugu gorputzaren poetikaren bidez». Luke Tagua Fundicion aretoko zuzendariaren hitzak dira. Dantzaldiaz ari da, Fundicionek berak eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarlanean antolatutako dantza garaikideko jaialdiaz. 13. aldia beteko du aurten, eta gaur hasiko da Fundicionen bertan. Martxo amaiera bitartean Bilboko beste sei gunetan —Euskalduna jauregia, BBK aretoa, Alondegia, Rekalde aretoa, Guggenheim museoa eta EHUko paraninfoa— egingo dira programatutako ikuskizunak. «Jaialdiaren bidez, dantzaren bidez, ikusle eta profesionalen arteko zubi lana egin nahi dugu», esan du Taguak.

Beste helburu batzuk ere badauzka jaialdiak, Taguaren ustez: «Dantza, horren sorkuntza lana, Bilbok eskaintzen dizkigun guneetan garatu nahi dugu». Haren iritziko, ez da gauza bera ikuskizun bat Guggenheim museoan edo EHUko paraninfoan egitea. «Izan ere, kontuan hartu behar da ikuskizun bakoitza non egiten den. Areto bakoitzak bere ikusteko modua eskaintzen dizu; begirada baldintzatzen dizula, alegia». Guggenheim, esaterako, egokiagoa da «performanceetarako». Paraninfoa, berriz, «unibertsitateko giro» horrekin, «aproposagoa da teknologia berriekin lotura daukaten kontuez jarduteko».

Taguak ikusleak erakarri nahi ditu, eta horretarako argi utzi nahi du Dantzaldia ez dela «gauza arraro eta modernoen» jaialdia: «Gure asmoa da begiradak, konplizitateak eta topaketak sortzea». Halere, Dantzaldiak bere bidea egin du aurreko aldietan, eta «ikusleria fidela» badu jada. «Badaude Fundicionek eskainitako proposamenetara ohituta daudenak, eta horientzat gauza naturala da Dantzaldiko ikuskizunetara joatea». Beste ikusleria bat ere kontuan hartu du Taguak: «Asteburuan hirian dauden kanpotarrak ere joaten direla badakigu». Izan ere, «nazioarte mailako» konpainiak dira Dantzaldian ikuskizunak gauzatzen dituztenak: «Aurten, esaterako, Ballet National Algerienek NYA ikuskizuna aurkeztuko du Euskaldunan. Lanaren zuzendariak, Pierre Rigalek, 2010-2011 Kritikaren Saria jaso du Frantzian».

Jaialdiak «bilakaera» bat izan duela ikusi du Taguak; baita jendearen erantzun «positiboak» ere. Dena dela, badaki oraindik ere «rara avis moduko bat» dela. «Guk aste bakarrean programa genezake den-dena, baina etenik gabeko zirimiri bat nahi dugu. Ager dadila hedabideetan. Beste aukera bat izan dezala jendeak». Gainera, dantza garaikideak «beste zerbait» baduela irizten dio: «Jendea joaten da balletera. Ohikoagoa izan daiteke. Konbentzionalagoa. Baina dantza garaikidea harrobi agortezina da».

Ikuskizunak nabarmentzen hasterakoan, Mizel Theretek zuzendutako Je me souviens... Oroitzen naiz... Recuerdo... aipatu du Taguak: «Maitekorra iruditzen zait oso. Poetikoa. Bi gaiez mintzo da obra. Batetik, Euskal Herriaz. Eta, bestetik, dantzariaren gorputzaz eta horrek denboraren poderioz jasaten duen aldaketaz». Lan horretako hiru dantzariak, Phillippe Oihanburu, Jean Nasprias eta Koldo Zabala euskal herritarrak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.