Eusko Jaurlaritzaren Dantza Bultzatuz programak Donostiako dFeria arte eszenikoen jaialdirako propio hauspotutako egitasmoa da dFerian-Dantzan. Donostian aurkeztu zuten, atzo, aurtengo programazioa —datorren astean egingo da, 12tik 15era— , eta sei ikuskizun emango dituztela jakinarazi zuten antolatzaileek. Lan hauek hautatu dituzte: Olatz de Andresen konpainiaren Privolva (Intxaurrondo kultur etxean, hilaren 13an, 11:30ean), Anakrusaren Tempus, -I (Gazteszenan, hilaren 13an, 13:00etan), Organik Dantza Antzerkiaren In Corpore Sano (Gazteszenan, hilaren 14an, 13:00etan), Elirale konpainiaren Ninika (Lugaritzen, 15ean, 10:00etan), Ertzaren Act of God (Gazteszenan, hilaren 15ean, 13:00etan gazteleraz eta 22:00etan euskaraz) eta Dantzaz konpainiaren Arte-an (Viktoria Eugenian, hilaren 15ean, 20:00etan).
Norka Chiapuso dFeriaren koordinatzailearen esanetan, «oso zaila» izan da hautaketa egitea, «konpainiak asko eta maila onekoak» direlako. «Egia esan, beste konpainia batzuk izan zitezkeen hautatutakoak». Haren ustez, Euskal Herrian egiten ari diren lanak «oso interesgarriak» dira: «Bai azken urteetan azaleratzen ari den jendearekin, bai sendotuta daudenekin».
Datorren astean sei lan eskainiko dituzte dFerian-Dantzan programan
'Privolva', 'Tempus, -I', 'In corpore sano', 'Ninika', 'Act of God' eta 'Arte-an' dira hautatutako obrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu