Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzain zuberotarrak idatzi zuen Zalgize Aphatiako Pierra Lhande apaiz jesuitaren bizitzaz pastorala baterako lehen testua. Bi herri horietan pastoral baten agertzeko asmotan zebiltzan lagun batzuei testu hura eskaini, eta, bizpahiru urteren buru, Davantek jakin zuen bere idazlana baztertu zutela eta Aphatia etxea erosi zuen andere frantses hiztun bati eskatu ziotela beste zerbait moldatzea.
Pierra Lhanderi buruzko pastoralaren inguruan sortutako polemikaz bere gogoeta plazaratu du Davant idazle eta euskatzainak BERRIAk argitaratutako artikulu batean. Pastorala frantsesez? izeneko idazkian, Davantek azaldu du "eskandalurik ez pizteko" isilik egon dela, baina orain plazara dezakeela bere iritzia. Haren ustez, Lhande pastoraleko testuaren hautua "oso talde txikian egin da, isilka, herritarrei abururik eskatu gabe".