Erotismoaz hitz egitea bera erabat antierotikoa dela uste du Ines Osinaga musikariak. Gose taldearekin eginiko abestiak ausartak eta zirikatzaileak direla entzun du maiz. Baina Osinagak ukatu egin du halakorik. «Mikrofonoaren aurrean jartzean, sudur puntan jartzen zaidana esaten dut, ez besterik». Lokartu arte kantua denen artean erotiko eta probokatzaileena dela esan izan diote sarri askotan. «Beti diot: Gosek daukan maitasun abesti bakarra da», adierazi zuen Osinagak, irmo. Aldarrikatu nahirik maitasun abestiak ez direla soilik «gizonek adats luze ederreko emakume lirainei abesten dizkieten baladak». Areago: abesti horiek «emakumea objektualizatu» egiten dutela gaitzetsi du. Durangoko 45. Azokan erotismoaren inguruan eginiko ekitaldi bakanetako batean egin zituen adierazpenok Osinagak. Erotismoa euskal sortzaileen begietan titulupean, mahai-inguru bat egin zuten atzo arratsean azokako aretoan. Paddy Rekaldek gidatu zuen saioa, eta Osinagarekin batera iritzia eman zuten Jon Arano eta Edorta Jimenez idazleek, Iban del Campo zinemagileak eta Kattalin Miner queer teoria sustatzaileak.
Erotismo eredu eta ikuspegi berriak sortzeko premia dago, Minerren arabera. Hots, erotismoa jorratzeko eta bizitzeko bestelako moldeak, askeak eta askatzaileak. Gizartean, antolatutako mugimendu politikoetan, bestelako imaginario eta ideario batekiko interes eta ahalegin bat badagoela uste du. «Badago beste erotismo bat garatzeko gogoa. Sorkuntzan, agian, oraindik ez da horren nabarmena». Nolanahi ere, «oso baikorra» da Miner, eta sinetsita dago iritsiko dela hori ere euskal literatura, musika, zinema eta bestelako diziplinetara ere. «Urruti dago, baina iritsiko da», baieztatu zuen.
Minerrek, eta hark bezala beste hainbat jendek, faltan sumatzen ditu ipuin erotikoak, «zer esanik ez nobelak». Jimenezek erronka egin zion, Txalapartako Literotura saileko arduraduna den aldetik: «Saiatu gara horrelakoak argitaratzen , baina ez ditugu lortu, ez daude. Bildu edo idatzi halako hamabi ipuin eta aterako ditugu». «Erronka onartzen dut», erantzun zion Minerrek.
«Gizartea erabat deserotizatua dago», Jimenezen irudiko. «Geratzen zaigun gertaera erotiko bakarra erostea da», kexu da idazlea. Euskal erotismoaren historia «ezintasun baten istorioa» dela pentsatzen du. «Euskal abesti tradizionaletan, balada batzuetan ez bada, ez dago erotismorik euskal literaturan». «Erotismoa oraindik ere euskal idazleek jorratu beharreko esparrua da». Ez idazleek bakarrik, euskal sortzaile guztiek ere. «Inoiz izan ez den zerbaitez hizketan ari gara».
Osinagak bestela uste du: «Desdramatizatu egin behar da».
Aranok badaki euskal literaturan erotismoa alor emankorra izan ez dena, baina gogora ekarri zituen zenbait adibide. «Ostiela! eta Putz aldizkarietan agertzen ziren gauza batzuk, eta Susa berdea egin zuten Josu Landak eta Mikel Antzak, eta eskandalu txiki bat ere sortu zen. Tradizioa ezagutzeko hor pulunpatu behar gara. Gure aurretik izan dira adibideak, baina bilatu behar dira». www.armiarma.com ataria aipatu zuen zeregin horretarako baliagarri. «Hor jasotako aldizkari zaharretan badaude gauzak».
Tradizioa berba gora eta behera zebiltzala, Osinagak hartu zuen hitza. «Tradizioa hitza minutuko bost aldiz entzutean Ruper Ordorikaren esaldi bat etortzen zait gogora: tradizioa ez dena plazera da». Ildo horretatik segituz Minerrek gehitu zuen. «Garrantzitsua da planteatzea erotismoa zertarako nahi dugun, zein helbururekin. Izan daiteke besterik gabe berotzeko baina eduki dezake aldarrikapen bat, eredu zehatz batekin hausteko eta zerbait berria proposatzeko».
Eskua hankartean
Agertokian dela, Osinagak jokabide batzuk -eskua hankartera eramatea, adibidez- «oso kontzienteki» erabiltzen ditu, «erromantizismo klasiko baten ideiarekin apurtzeko baino ez bada ere». Ez du zalantzarik: «Musikari naizen aldetik baditut konpromiso batzuk».
Iban del Campok ez du oso garbi euskal zinema erotikoa ez egotearen arrazoia zein den: «Nork jartzen dituen mugak, zuzendariek edo gizarteak». 80 egunean eta Ander filmek «harrera ona» izan zuten, «badago eskaera bat gizartean». Hala ere, film horiek «bazterreko tematikak» jorratzen dituztela nabarmendu zuten solaskideek. «Ez dira erotikoak, ez da gauza bera». Homosexualitatea lantzen dute biek, «baina leun eta gozo», Rekalderen arabera.
DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
«Desdramatizatu egin behar da»
Kristau tradizioak «mugak ezarri eta hainbat gai tabu bihurtu» izanagatik, euskal sorkuntzan ale erotiko bat edo beste izan dela uste dute zenbait egilek. Ikuskera eta eredu askatzaileak sortzeko premia aldarrikatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu