Desegitura egituratuz

Euskarazko literaturaren sistema osatzen duten eragileen arteko elkarlana eta irakurketa plan eraginkor baten beharra nabarmendu dituzte Literaturian bildutako adituek.

Irune Berro Urrizelki.
Larrabetzu
2009ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Galdera zehatza egin die Harkaitz Zubiri idazleak Iratxe Retolaza literatura kritikari eta irakasleari, Fito Rodriguez idazle eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariari eta Olatz Osa Elkar argitaletxeko arduradunari: «Ba al da euskarazko literatura sistemarik?». Koska bat gehiago estutu du itauna, Literaturiaren barnean Literatura Eskolak antolaturiko mahai-ingurura gonbidatutako adituek erantzunak ematen hasi aurretik. «Zein da euskarazko literaturaren egoera, Euskal Herrian diglosia bizi dugula kontuan harturik?». Alegia, zer-nola eragiten dion diglosiak euskarazko literatur sorkuntzari, zabaltzeari, irakurketari eta kritikari. Sistemari, oro har.

Retolazaren arabera, «literatur sistemaren desegitura da nagusi, egituraren gainetik». «Eragileak badaude, baina ez dute eremu sendo, antolatu eta autonomo modura funtzionatzen». Osak hiru esparru berezi ditu: sortzaileak, bitartekariak eta irakurleak. Eta hiru horien artean harremanik ia ez dagoela nabarmendu du. «Koordinazioa oso txikia da, mugatua». Horrek badu eraginik: «euskarazko literatur sistemarik ez egotea dakar, edo sistema modura ez funtzionatzea, behintzat». Retolaza, Osa zein Rodriguez bat datoz sorkuntza ez dela arazo. Idazle berriak azalduz doaz, eta literatur ekoizpenak beste herri batzuetako ekoizpenek bezainbesteko maila du.

Irakaskuntzan, irakurle berriak

Sortzaileen ekoizpena zabaltzen jarduten duten eragileen artean, ordea, gabeziaren bat edo beste ikusten du Osak. «Hor dago euskarazko literaturaren erronka handienetako bat: sortzen den lan horrek merkatuan itzal duina izan dezan lortu behar dugu». Euskal Herrian argitaletxe txiki eta ertainak daude, urtean lau eta 25 liburu artean kaleratzen dituztenak. Egituraz txikiak dira, horrenbestez. Osaren arabera, horrek zaildu egiten du lanak zabaltzea. «Eragin gaitasun nahikorik ez dute».

Liburu dendak ere izan ditu hizpide editoreak. 300 inguru daude Euskal Herrian, eta 600dik gora herri. Euskal geografiako herri askotan liburu dendarik ez dago, beraz. «5.000tik gora biztanle dituzten herri askotan ere ez dago liburu dendarik. Leku askotan liburua irakurlearengandik urrun dagoela esan nahi du horrek», ohartarazi du Osak.

Euskal hiztunak 600.000-700.000 inguru direla gogorarazi du, orobat, baina horietatik guztietatik 8.000k baino ez dituztela kontsumitzen euskarazko kultur produktuak. Gogoeta eragiteko moduko datuak direla uste du Elkarreko editoreak.

Diotenez, irakaskuntza irakurle berriak sortzeko funtsezko esparrua da, baina «ahulduta eta baztertuta» dagoela salatu dute hiru hizlariek. Garrantzirik ia ez diotela ematen ez arduradun politikoek ez inork.

Irakurketa plangintzarik ez dagoela kritikatu dute. «Ez dago irakurle baten trebatzea egiteko plangintzarik, ez euskaraz behintzat», adierazi du Retolazak. Aldiz, ikasleei espainolezko literatura irakurle izaten arras ongi erakusten dietela salatu du. «Euskaraz testu errazak lantzen dituzte, eta espainolez Gongora eta Quevedo ikasten dituzte». Soinketan zaldian jauzi egitea eskatzen zaien bitartean, euskarazko literaturan trebatzeko inolako ahaleginik egitea ez zaiela eskatzen gaitzetsi du Retolazak.

Horri buelta eman behar zaiola defenditu du: «Ezin da inolaz ere literatura ikasleen interesetara hurbildu, literatura irakurtzen ez badakite, irakatsi beharko zaie». Horretarako irakas planak aldatu behar direla azaldu du, «literatur gaitasuna hizkuntza gaitasunarekin nahastuta baitago».

Hiru sortzaileren ibilbideak aztertuta, ondorio garbia atera du Rodriguezek: «euskarazko literatur sistema desegituratuta dago». Roland Barthes, Piarres Larzabal eta Alfonso Sastre elkarrengandik gertu bizi izan ziren 70eko hamarkadan, Baiona inguruan, 25 kilometroren bueltan. Frantsesez idazten zuen Barthesek, euskaraz Larzabalek eta espainolez Sastrek. Hiru lagunen ipuinaz gogoratu da Rodriguez: «Bidaia batean oso lagun egin ziren eta festa egunean elkartzekotan geratu ziren. Baina bizitza osoan ez ziren berriro elkartu. Bata musulmana zen eta ostirala zuen jai eguna; bigarrena katolikoa zenez igandea zuen festa eguna; eta hirugarrena judua zen eta larunbatean zuen jai».

Barthes, Larzabal eta Sastre

Hiru lagun horiek Barthes, Larzabal eta Sastre izan zitezkeela uste du Rodriguezek. «Zergatik ez ziren inoiz elkartu literaturaz hitz egiteko? Herri desegituratua garelako. Irakaskuntzan ez dugu egiturarik, komunikabide sare antolaturik ere ez dugu, eta literatur sistema desegituraturik dago». Alde horretatik, Euskal Herria «desegina» dagoela nabarmendu du Rodriguezek, «bai politikoki bai instituzionalki».

Esku artean duen Qué leer aldizkariaren azkenaurreko zenbakiari erreparatu dio halako batean. 118 orrialde ditu. Gaztelaniazkoa da, baina herri askotako literatur obrei buruzko testuak dakartza. Euskarazko literaturari orri erdi bat baino ez diote eskaini (bi orri katalanezko literaturari eta bat galizierazkoari). Xarles Bidegain euskaltzain oso izendatu dutela azaltzen du Qué leer aldizkariak, «hil den Txomin Peillenen lekua hartu duela dio. Adituentzako aldizkaria da!Konturatu ere ez dira egin, azken zenbakian ez baitute zuzenketarik egin. Igual zaie, merke ateratzen zaie hutsa... Hau da diglosia», esan du Rodriguezek amorrarazita.

Euskarazko literaturaren sistema diglosiaren gaitzak jota dagoela argi utzi ostean, konponbideez berba egiteko garaia heldu da. Retolaza ez da merkatua irizpide nagusi izango duen literatur sistema garatzearen aldekoa. «Produktu erakargarriez eta sedukzio teknikez hitz egiten da asko, baina ez zait iruditzen bide luzea duen estrategia denik». Ahozko literaturak, alegia, bertsolaritzak ibili duen bideari erreparatzeari «interesgarriago» deritzo. Ez du uste bertsolaritzak azkeneko urteetan izan duen zabalkundea kasualitatearen emaitza denik. «Herri ekimenak bultzatu behar ditugu».

Osaren iritziz, nolanahi ere, merkatuak indar handia du gaur egungo gizartean, eta horri bizkarra emanez lan egitea errealista ez dela dio. «Tripako mina eman arren, ahalegina egin behar dugu euskarazko literaturak merkatuan toki duina izan dezan».

Rodriguezen arabera, «erresistentzian erresistitu behar da», baina ahal dela, «erre gabe».

Idazleak irakurleengana hurbilduz abiatu da Literaturia



Obrak aurkeztu dituzte idazleek, eta irakurleekin hitz aspertuan aritu dira azokan zein bazkariko mahaiaren bueltan
I. Berro. Larrabetzu

Idazleen eta irakurleen arteko distantzia txikitu gura zuten Literaturia jardunaldien antolatzaileek, desagerrarazi ia, asteburu batez bada ere. Eta lortu dutelakoan dago Gotzon Barandiaran idazlea eta Literatura Eskolako kidea. Euskara hutsezko literatura azoka egiten ari dira Larrabetzun (Bizkaia) atzo goizaz geroztik, eta ez da girorik falta.

Euskarazko literaturaren sistemari buruzko mahai-ingurua bukatu orduko hasi ziren liburu aurkezpenak azokan atondutako gunean, 12:00 aldera. Alberto Barandiaran izan zen lehena. BERRIAko kazetaria Postkronikak liburuaz (Elkar) mintzatu zen, eta atzetik hartu zuten mikrofonoa Beñat Sarasolak (Alea, Susa), Irati Jimenezek (Nora ez dakizun hori, Elkar), Asier Serranok (Erlojugilea, Txalaparta) eta Juanra Madariagak (Eroriaren logika, Susa), besteak beste.

Azken poemarioa, Izozmendiak (Susa), duela sei urte kaleratu zuen Madariagak, baina ordutik ez dio idazteari utzi. Presiorik gabe, lasaitasunez jardun duela dio idazleak. Denboraren inguruko gogoeta egin du Madariagak.«Bizitzan gertatzen zaizkigun gauzez hausnartu dut, nola erortzen garen, nola altxatzen garen ondoren... Prozesu horretaz». Larrabetzura atzo bildutakoek Eroriaren logika liburuari buruzko Madariagaren lehen berbak entzuteko aukera izan zuten. Izan ere, inprentatik atera berria da liburua. Ostegunean aurkeztuko du prentsaurrean, Bilboko Elkar aretoan.

Entzuleen artean idazle ugari izan ziren, hala nola Hedoi Etxarte, Garbiñe Ubeda, Edorta Jimenez... Aparteko giroa sortu zen denen artean. Bazkariko mahaira ere eroan zituzten solasaldiak. Idazleek eta irakurleek elkarren ondoan jarrita bazkaldu zuten,Larrabetzuko produktuez osatutako menua dastatu zuten.

Internetera egin zuen jauzi literaturak arrastian; blogez eta letrez hitzaldi laburrak egin zituzten hainbat sortzailek. Bien bitartean, irudimena astintzen segitu zuten herriko gaztetxoek. Goizez zein arratsaldez eskolan prestaturiko antzezlanak eta bertsoak eskaini zituzten, Txinpasmendi guraso elkarteak lagunduta. Sortzaile bihurtu ziren, artista. Eta festa giroan igaro zuten eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.