Die Kolner Akademiek irekiko du gaur Antzinako Musikako Arabako Astea

Faenza, Iruñeko Ganbera Abesbatza eta Forma Antiqua ariko dira ondorengo egunetan Gasteizen

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Die Kolner Akademie, Faenza, Iruñeko Ganbera Abesbatza eta Forma Antiqua taldeen emanaldiek osatuko dute aurten Antzinako Musikako Arabako Astearen programazioa, gaur hasi eta hilaren 9a bitarte. Aurreko ekitaldietan Jesus Guridi kontserbatorioan, San Bizente elizan eta Amurrioko San Anton ermitan egin izan dira emanaldietako batzuk, baina aurten Gasteizko San Pedro elizan egingo dira guztiak. Jaialdiko programazioa osatzen duten lau emanaldiak 20:15ean hasiko dira. Sarrera doan izango da denetan, baina aurretik gonbidapena jaso beharko da, 1.000 lagun inguru baino ezin baitira sartu elizan.

Koloniako (Alemania) Die Kolner Akademie taldea ariko da gaur San Pedro elizan, Johann Sebastian Bachen obrak emanez, bi orkestra suite, besteak beste, Frantziako estiloaren kutsu handia dutenak. XVII. mendetik XXI.era arteko musika jotzen du Die Kolner Akademiek, hautatutako lanaren garaiko musika tresnak erabilita.

Biharko kontzertuan, Faenza taldeak Giullio Cacciniren Lorategia eskainiko du. Faenza XIV. mendetik XVII.era bitarteko lanak jorratu ohi dituen hirukotea da, Marco Horvat kantari eta musikariak, Olga Pittarch sopranoak eta Angelique Mauillon harpa jotzaileak osatua. Musika lanak interpretatu ez ezik, musika ikuskizunak ere sortzen ditu.

Tomas Luis de Victoria oroituz

Etzi, ostegunarekin, Iruñeko Ganbera Abesbatzak Tomas Luis de Victoriaren Officium et Missa Pro Defunctis obra emango du, musikagile hori hil zela lau mende direla gogoratzeko. Luis Morondok sortu zuen Iruñeko Ganbera Abesbatza. XV., XVI. eta XVII. mendeko musika interpretatu ohi du bere emanaldietan.

Irailaren 9an, ostiralarekin, Forma Antiqua taldeak Resuene el Orbe bataila instrumentalen programa joko du. Obra horrek Paviako gudua deskribatzen du musikaren eta antzerkiaren bitartez. Pablo, Daniel eta Aaron Zapico anaiak ditu ardatz nagusi Forma Antiqua taldeak, eta gainerako kideak aldatuz eta txandakatuz joaten dira. Musika barrokoa eskaintzen du bereziki.

Lizarran eta Logroñon (Espainia) egiten diren antzinako musika jaialdiekin harremanetan antolatu du Antzinako Musikako Arabako Astearen aurtengo ekitaldia Arabako Foru Aldundiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.