Berri Txarrak

Diskoa, entzuten ez diren hotsei

Gaur aurkeztu du Berri Txarrak musika taldeak ‘Infrasoinuak’ bederatzigarren lana. 2018ko martxoaren 17an emanaldi “berezia” eskainiko dute BECen. Sarrerak salgai dituzte webgunean.

jarraia147218.jpg
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko azaroaren 24a
13:13
Entzun

Gaur aurkeztu du Berri Txarrak taldeak hamar abestiz osatutako diskoa: Infrasoinuak (Only In Dreams). “Musikalki ez dago hausturarik disko honetan, baina oinarri eta zutabe sendoak dituen diskoa da”. Jaio Musika Hil (2005) diskoarekin sortutako efektua ekarri du gogora Gorka Urbizu taldekideak. “Zale berriak erakarri zituen lanak, eta, ondoren etorri zen espektatiba horren aurrean, lokalean sartzeko jarrera hartu genuen: tripetatik ateratzen zenari tira egitea”. Bestelako abagunean dator bederatzigarren lana. Baina antzeko sentipenetik sortu dutela azaldu du. Hiru urte dira Denbora da poligrafo bakarra lan hirukoitza argitaratu zutenetik, eta disko bakoitzeko bira urte bat igaro dute.

Ez dute ausaz aukeratu diskoari izena emateko hitza: infrasoinuak. “Gure inguruan egonagatik entzuten ez ditugun soinuak dira infrasoinuak; jaramonik egiten ez diegun hots horiek. Irudi adierazgarria iruditu zitzaidan gizartea edo gure jarrera apur bat kritikatzeko: zenbat eta zenbat norbanako eta kolektibo, zenbat herri dagoen munduan alarma hotsa botatzen eta zenbat borroka egin behar den entzuna izan ahal izateko”. Harago ere egin du Urbizuk. “Infra horrek ere badu esangura propioa: apur bat azpitik egotea. Kultura txiki edo txikitu honetatik gatozenok badakigu zerbait horretaz. Biktimismoan erori gabe, baina badakigu azpian egoteak zer esan nahi duen”. Errealitate horren jiran dabiltza diskoan bildu dituzten abestiak, besteak beste.

2016ko abenduan abiatu zen Infrasoinuak egitasmoa, Berri Txarrak musika taldea Txilen zela. Descendents taldearekin biran aritu ondoren, Bill Stevenson ekoizle estatubatuarrak diskoa berarekin grabatzeko. “Masterclass” gisa izendatu ditu bertako irakaspenak Galder Izagirre taldeko bateria jotzaileak. “Oso prozesu berezia izan da. Orain arte egin ez ditugun gauzak frogatu ditugu. Aberasgarria, ikusita, zein modu lotsagabean egiten dieten aurre halako prozesuei; grabatzeko ortodoxia eta erritmoei muzin egin eta ekoizteko modu berriak sortzen dituzte”.

2018an abiatuko dute diskoa aurkezteko bira, Asian. Baina, iragarri dutenez, emanaldi “berezia eta bakarra” egingo dute 2018ko martxoaren 17an BECen. Sarrerak salgai jarri dituzte jada. Entzuleek egindako eskaera bati erantzungo diote emanaldiarekin. Hala aitortu du Urbizuk, irriz. “Azken urteetan egin ditugun kontzertuetan jende asko sarrerarik gabe geratu da, eta jarraitzaile asko kexatu dira horregatik. Sarritan esan digute ea zergatik ez dugun areto handiagoetan jo. Bada, areto handirik bada, BEC da”.

Diskoa Badok.eus webgunean entzun daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.