Bide Ertzean taldearen Don Inorrez kantak irabazi du Espainiako Musika saria, euskarazko kantu onenaren atalean. Diskoak (2010) izen bera du, eta iazko abenduaren 7an eman zuten aurreneko kontzertua, Durangon, Plateruena Kafe Antzokian.
Jose Luis Otamendi poetaren hitzak dira Don Inorrez-ekoak. "Harekin lehen kolaborazioa egin genuenean dagoeneko aipatzen zigun Azpeitian 'Don Inorrez' kontzeptua erabiltzen dela umeei kargu hartzeko: 'Hau edo beste hori egiten ez baduzu, Don Inorrez etorriko da'", zioen iaz Imanol Ubeda Bide Ertzean taldeko kideak. Eta imaginario kolektiboko pertsonaia horri heltzea erabaki zuten, bai diskoaren izenburu bezala eta bai kantuen hari komun bezala ere: "Indartsua iruditu zitzaigun izen hori, eta interesa piztu zitzaigun. Zein ote da? Berak ere beldurrik pasatuko al du noizbait? Porrotak, mamuak, gure sentipenak bideratzeko aitzakia polita iruditu zitzaigun Don Inorrez".
Kepa Junkeraren Herria diskoak eraman du musika tradizionaleko album onenarena. Euskal kantuak berrinterpretatuz Etxea eta Kalea lanekin hasitako trilogia itxi zuen.
Angel Illarramendik musika klasikoko egile onenaren saria irabazi du (3. Sinfonia-ri esker), Deloreanek musika elektronikoko kantu onenarena (Stay close) eta Alberto Iglesiasek soinu banda onenarena (También la lluvia).