Europako Batasuneko Kultura ministroen Kontseiluak Donostia 2016ko Europako kultur hiriburu izendatu du gaur ofizialki. Poloniako Wroclaw hiriarekin banatuko du hiriburutza. Horrela, iazko ekainaren 28an hartutako erabakia berretsi dute gaur, Bruselan.
Izendapenaren ondotik, Europako epaimahai batek egiaztatuko du bi hiriek aurkeztutako programetan iragarritakoak betetzen dituzten.
Datozen lau urteetan egin beharreko lanak definitzeko prozesua hasiko da orain. Hilabete honetan, Donostia 2016 fundazioa era liteke. Horretan, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartuko dute, eta, ziur asko, baita Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak ere. Azken horren parte hartzea berresteko dago, baina proiektuaren sustatzaile eta eragileek uste dute Donostiaren izendapena erabatekoa denean sartuko dela.
Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza eta Kultura ministroak gaur adierazi du donostiarrek izendapena "merezi" dutela.
Donostian udal talde guztiak udaletxean elkartu dira, hiriburutza ospatzeko. Asteburu honetan, Olatu Talka jaialdian 200 ekitaldi inguru izango dira Donostian, hiriburutzaren harira.