Kultura

Donostia Europako kultur hiriburu izendatu zuen erabakiaren kontrako "joko zikina", Legebiltzarrera

Espainiako Kultura Ministerioak erabakia argitzeko prozesu bat abiatuko duela iragarri du. Patxi Lopez lehendakariak "galtzen ez dakitenen kontua" dela eztabaida.

2011ko uztailaren 15a
19:37
Entzun

PSE-EE alderdiak Eusko Legebiltzarrera eramango du Donostia 2016ko Europako kultur hiriburu izendatu zuen erabakiaren kontrako "joko zikina". Horretarako proposamena erregistratu du. Iralean eztabaidatuko dute, eta horrekin batera Gasteizen Hiri Berde titulua eta Bilboren 2014ko Diseinuaren munduko hiriburu izateko hautagaitzak ere defendituko dituzte.

Patxi Lopez lehendakariak esan du "galtzen ez dakitenen kontu hau" lehenbailehen argitzea espero duela. Donostiaren proiektua Odon Elorza alkate ohiak diseinatutakoa dela azpimarratu du, eta berak "Bildurekiko sinpatiarik ez izan arren, hiriaren, herriaren eta herritarren proiektua dela gaineratu du. "Anonimo bategatik hori guztia auzitan jartzea...".

Wroclaw Poloniako hiriarekin tartekatuko du titulua Donostiak. Ekainaren 28an eman zuen epamahaiak bere erabakia, baina beste hautagaitzeko zenbait kide erabat haserre agertu ziren. Atzo Kordobako alkateak salatu zuen epaimahaikide batek Donostia lagundu duelako frogak jaso dituela gutun anonimo batean. Zaragozako alkateak gaur esan du berak ere jaso duela gutuna.

Donostiako kultur hiribururako bulegoko zuzendari Eva Salaberriak esan du eurak oso lasai daudela, araudia bete egin delako, eta horregatik ez dutela erabakia argitzeko prozesu baten beldur izateko motiborik. Espainiako Kultura Ministerioak atzo iragarri zuen, gardentasuna bermatzeko irekiko duela prozesu hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.