Donostiako 72. Musika Hamabostaldia

Donostia Musika Laukoteak klasikoa eta pop-rocka uztartuko ditu etzi

Besteak beste Mozart eta The Beatles tartekatuko ditu hiru tabernatan emango dituen kontzertuetan

Alberto Rodriguez eta Marie Daniel, Altxerrin, azken kontzertua egingo duten tabernan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Areto eta antzokietan musika klasikoa jotzen badute eskarmenturik Donostia Musika Laukotea osatzen duten lau gazteek. Datorren astelehenean Donostian emango dituzten hiru emanaldiak, gainera, bereziak izango dira: alde batetik, tabernetan izango direlako; eta bestetik, pieza klasikoez gain pop-rock musikako lanak eskainiko dituztelako. Erronkari «ilusio handiz» heldu diotela adierazi du Alberto Rodriguez biola jotzaileak. Harekin batera, Marie Daniel eta Jonathan Mesonero biolinistek eta Alba Fernandez biolontxelo jotzaileak osatzen dute laukotea. Kontzertuak Dioni pubean 18:00etan, Kelly's pubean 20:00etan, eta Altxerri tabernan 23:30ean izango dira.

Errepertorioari dagokionez, The Beatlesek protagonismo ia osoa izango du kantu modernoen atalean. Liverpoolgo laukotearen Get Back, Hey Jude, Yesterday eta Lady Madonna interpretatuko dituzte; baita John Lennonen Stand by me eta Rufus Wainwrightek Leonard Cohenen Hallelujah-ri egindako bertsioaren moldaketa ere. Obra klasikoen artean, berriz, Wolfgang Amadeus Mozarten Divertimento No.2 k.137.Allegro di molto eta Divertimento K.136.Presto; Joseph Haydnen Emperador, 2 mov op.76, eta Luigi Boccheriniren Musica notturna della strade di Madrid lanak hautatu dituzte. Gainera, pop-rocka eta klasikoa tartekatuko dituen saioaren hasieran, beste estilo bati erreparatuko diote: Carlos Gardel argentinarraren Tango por una cabeza abestiak abiatuko du kontzertua.

Gazteengana hurbildu nahian

Carlos Benito Donostia Musikako zuzendariak adierazi duenez, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariaren ideia izan zen ekimen hori antolatzea, «publiko gaztearengana heltzeko» asmoarekin. «Gazteak egoten diren espazioetara hurbildu nahi dugu laukote batek egiten duen musika ezagutarazteko, eta, aldi berean, gisa honetako talde batek mota askotako musika jo dezakeela erakusteko», zehaztu du Benitok. Musika saioek harrera ona izanez gero, ziur dago etorkizunean Hamabostaldiak horrelako gehiago antolatuko dituela, eta «harrera beroa izango duelakoan» daudela nabarmendu du.

Laukoteko partaideak ere gogotsu daude astelehenerako. Musikeneko ikasleak izandakoak dira guztiak, eta gaur egun leku desberdinetan ikasten dihardute. Ez dute inoiz jo taberna batean, eta espazio aldaketak «publikoarengandik gertuago» egoteko aukera emango diela espero du Alberto Rodriguez irundarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.