Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez de Anucita Zinemaldiko komunikazio arduradunak jaialdiaren azken xehetasunak eman dituzte prentsaren aurrean. Nobedaderik aipagarriena Donostia sariena izan da: Ricardo Darini ez ezik, Monica Bellucci aktoreari eta Agnes Varda zinemagileari emango diete aurten. Rebordinosek azaldu duenez, sari hori emateko irizpideak aldatu dituzte: zinema munduko pertsona ezagunak ez ezik —glamour hitza erabili du—, zinemako esparru guztietan aritzen direnak izan daitezke sarituak hemendik aurrera.
Rebordinosek jakinarazi duenez, Zinemaldiaren gune desberdinetan egingo dituzte sari banaketak. Kursaalean emango diote saria Darini —La Cordillera bere azken filma emango dute ekitaldi berean—, Anoetako belodromoan Bellucciri —berak hautatutako bi film emango dituzte ekitaldian—, eta Viktoria Eugenia antzokian Vardari —ekitaldi "intimoagoa" izango da—. Azken horrek, gainera, Ohorezko Oscar saria jasoko du azaroan bere ibilbideagatik.
Zinema jaialdiaren zuzendariak nabarmendu du iragana ahaztu gabe orainari eta etorkizunari begira dagoela Zinemaldia, eta jaialdiak egungo zinemaren erradiografia izan nahi duela. Halaber, jaialdiak elkarrizketarako baliatzea nahi dute, askatasunez. "Irekia, plurala eta proposamenetan aberatsa izan dadila nahi dugu". Garaiak aldatu ahala zinema jaialdiek ere aldatu egin behar dutela esan du Rebordinosek, eta horren erakusgarri litzateke, haren esanetan, Zinemaldia "urte osoko jaialdi" bihurtu dela, Ikusmira Berriak programari eta hurrengo urtean abiatzea aurreikusten den Elias Kerejeta Zinema Eskolari erreferentzia eginez.
Donostia sariez gain, sailetako epaimahaiak zeintzuk izango diren ere jakinarazi dute. Euskal Zinemaren Irizar sariarena, esaterako, Itxaro Borda idazleak, Miren Arzallus Etxepare institutuaren zuzendariak eta Joserra Senperena piano jotzaile eta musikagileak osatuko dute. Sail Ofizialeko epaimahaikide izango dira, gainera, John Malkovich aktore eta zuzendaria eta Dolores Fonzi eta Emma Suarez aktoreak.