Donostiako 59. Zinemaldia

2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
SAIL OFIZIALA

'Intouchables'. Istripu baten ondorioz tetraplegiko geratu den gizon aberats batek Parisko aldirietako etorkin txiro bat kontratatuko du bera zaintzeko. Kartzelatik atera berria da langile gaztea, eta, nahiz eta bizitzarekiko ikuspegi oso desberdinak dituzten, ustekabeko adiskidetasuna sortuko da bien artean. Komedia tonuko giza harremanei buruzko lana da.

'Drive '. Driver gidari bakarti bat da, eta Shannon aholkulari eta buruzagia izan ohi du alboan. Egun batean, bizi den eraikineko igogailuan Irene ezagutuko du, eta bizitza aldatuko zaio.Harremana, baina, bukatu egingo da Ireneren senar Standard espetxetik ateratzen denean. Driverrek aldentzea erabakiko du, harik eta Standard garajean odolez blai topatzen duen arte.

ZABALTEGI

'The river used to be a man/Der Fluss war einst ein Mensch'. Alemaniar gazte bat Afrikan dabil bidaian, eta arrantzale batek bere ontzian hartu eta zibilizaziotik aparte dagoen lurralde batean utziko du. Heriotzaren, beldurraren eta kanpo munduaz duen pertzepzioaren kontra borrokatu beharko du orduan.

'14 d'abril. Macià contra Companys'. Manuel Huergaren dokumental itxurako fikzio honetan, Maciak eta Companysek XX. mendeko Kataluniako historian garrantzia eduki zuen gertakari batez hitz egingo dute. Bitartean, kamerak 1931ko Kataluniako Errepublikaren egunak ekarriko ditu gogora.

JACQUES DEMY

'Lola'. Naoneden kabareteko artista gisa aritzen da Lola, eta zazpi urte darama bere maitale Michel noiz itzuliko zain. Frankie marinel amerikarrarekin harreman labur bat izan ostean, txikitako lagun batekin egingo du topo, Rolandekin. Roland seko maiteminduko da Lolarekin, baina horrek oraindik Michel du buruan.

AMERICAN WAY OF DEATH

'The American'. Soldatapeko hiltzaile bihozgabe bat da Jack. Suitzako egiteko batzuen ostean, prezioa jarri diote bere buruari, eta Italiako herrixka batean ezkutatuko da. Han, herriko apaizaren adiskide egingo da, eta Clararen maitasuna lortzen saiatuko da. Kontuz ibili beharko du, ordea, arriskutsua baita ezkutalekutik irtetea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.