Donostiako 59. Zinemaldia

2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
SAIL OFIZIALA

'Americano'. Martinek ezin du gainditu amaren heriotza, eta horrentzat garrantzitsua izandako emakume mexikar baten bila abiatuko da Tijuanara. Umea zela ezagutu zuen Lola Americano izeneko klub pribatuan aurkituko du; bertan, strip-tease dantzari gisa aritzen da gauero. Bere buruarekin bakean bizi ahal izateko, Martinek iragana miatu beharko du.

'Las razones del corazón'. Emilia etxekoandre bat da, eta nazkatuta dago bere bizitzarekin. Porrot egindako senarra, gaizki eramandako amatasun itogarria, dena zaio pisu eta hutsal. Amorante hotzak uzten duen egun berean, kreditu txartela kenduko diote. Apartamentu hutsean bakarrik eta atsekabetuta, bere buruaz beste egitea erabakiko du Emiliak.AL

ZABALTEGI

'Le Moine'. XVII. mendeko Espainian, kaputxinoen komentu batean abandonatuta utziko dute Ambrosio. Fraideek heziko dute, eta predikatzaile miretsia bihurtuko da, tentazio guztietatik libre dagoela uste duena. Fraidegai misteriotsu bat ailegatzean, ordea, bere ziurtasunak kolokan jarriko dira, eta bekatuaren bideari helduko dio.

'The Artist'. 1927ko Hollywooden, zoragarri doakio George Valentin zinema mutuko aktore ospetsuari. Film soinudunak irestearekin batera, ordea, bereak egingo du, eta ikusleek ahaztu egingo dute. Estra gisa aritzen zen Peppy Miller, berriz, izar bilakatuko da, eta bien ibilbideak gurutzatu egingo dira.

HORIZONTES LATINOS

'Porfirio'. Porfirio gatazka kolonbiarraren eraginez elbarri geratu da. Estatu burokratikoak entzungor egiten diola ikusirik, zigorra berak ezartzea erabakiko du, ezohiko bideak erabilita. Amazoniako herrixka galdu batean bizi da, eta bere unibertsoa ez da ohetik gurpil aulkira dagoen distantzia baino handiagoa.

BELODROMOA

'The Three Musketeers (3D)'. Athos, Aramis eta Porthos Frantziako erregearen gorteko mosketari onenak dira. Erregea hondoratzeko konspirazio baten berri izan ostean, heroi bihurtu nahian dabilen gazte bat ezagutuko dute: DArtagnan. Laurak batera, Europa osoa mehatxatzen duen konplota zapuzten saiatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.