KULTURA

Donostiako Liburutegi Nagusia 'Txillardegi Liburutegia' izendatzeko eskatu diote udalari

Donostia Kulturak hilaren amaierarako hartu beharko luke erabakia, eta bitartean atxikimendu kanpaina abiarazi dute Donostiako hainbat kultur eragilek.

Hainbat kultur eragile, ekimenaren aurkezpenean, gaur. BERRIA
Igor Susaeta.
2013ko abenduaren 2a
17:40
Entzun

Joan den urriaren 10ean egin zioten eskaera udalari Donostiako ondoko hamazazpi idazlek: Ramon Agirre, Jokin Ansorena, Joxe Austin Arrieta, Harkaitz Cano, Rafa Egiguren, Mikel Hernandez Abaitua, Joan Mari Irigoien, Koldo Izagirre, Ibai Iztueta, Fito Rodriguez,  Beñat Sarasola, Ibon Sarasola, Ana Urkiza, Arantxa Urretabizkaia, Dorleta Urretabizkaia, Juan Luis Zabala eta Iban Zalduak.

Gaur eguerdian plazaratu dute proposamena, haien ahalegina "gizarteratu" nahi dutelako, Fito Rodriguezek azaldu duenez. "Konturatu gara Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi ez dela soilik literaturaren edota irakaskuntzaren ondarea; baita soziolinguistikarena, hizkuntzalaritzarena... Eremu askotan izan zen aitzindaria".

Rodriguezek gogoratu du erabateko kontsentsuz erabaki zela bere garaian Txiillardegiri Hiritar Merezimendu Domina ematea —"ez zen kontrako botorik egon"—, eta logikoena iruditzen zaio aurreko kontsentsuari segida ematea. "Ondare immateriala dena ondare material bihurtu nahi dugu".

Donostia Kulturak hilaren 20an aztertuko du eskaera, eta horretan udalbatzako alderdi politiko guztiak daude ordezkatuta. "Berez, erabakita egon beharko luke dagoeneko, baina gisa horretako izendapenak egiteko araudi berri bat sortzekotan dira. Guk araudi berria sortu aurretik egin genuen eskaera. Beraz, erantzun bat behar dugu. Araudia atera arte itxaron behar badugu, ez dakigu zer gertatuko den".

Publiko egin aurretik ere, 250 atxikimendu jaso ditu ekimenak. "Eta horietako batzuk oso kontuan hartzekoak dira". www.change.org webgunean ari dira atxikimenduak jasotzen Donostiako Udalbatzari: Euskararen eremuan egin zuen lan izugarriaren onarpen gisa, "Txillardegi" izena jartzea Donostiako Liburutegi Nagusiari izenburupean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.