Donostiako Musika Hamabostaldiaren 72. aldia Arabara helduko da, Jesus Guridi musikagilea omentzeko. Haren heriotzaren 50. urteurrena dela eta, Andra Mari abesbatzak, Quiroga Laukoteak eta Arriaga Laukoteak hainbat kontzertu emango dituzte Gasteizen, Araian eta Laudion.
Hori da aurtengo Hamabostaldiak izango duen berrikuntzetako bat, gaur goizean Kursaalean emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez. Horrekin batera, bada beste berrikuntza bat: Hamabostaldiak Jazzaldiarekin bat egingo du, pianista klasiko eta jazz pianista baten kontzertuaren bitartez. Abuztuaren 5ean izango da, Victoria Eugeniako Klub aretoan.
Hungariako musikak tarte zabala izango du Hamabostaldiko egitarauaren barruan. Franz Liszt eta Bela Bartok musikagileen oroimenez hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Horiez gain, Gustav Mahler, Tomas Luis de Victoria eta Xabier Lete ere omenduko dituzte. Lapurdira ere iritsiko da jaialdia. Jordi Domenech kontratenorrak kontzertua emango du Arrangoitzeko gazteluan (Lapurdi), abuztuaren 28an.
Abuztuaren 7tik 31ra izango da Musika Hamabostaldia; 77 kontzertu eta 42 kokaleku izango ditu aurtengoak. Dagoeneko sarreren %80 baino gehiago saldu dituzte.