Diamantezko ezteiak bete ditu jada Donostiako Musika Hamabostaldiak. 1936ko gerraren amaieran eta II. Mundu Gerraren hasieran sortu zen jaialdia, eta etxeko musikariekin hornitu zuten. 75 urte geroago, etxeko musikariak hor daude beren musika hausnarketak adierazteko prest, eta festibala nazioartean garrantzitsua egin da, eta atzerriko musikari eta orkestra handiak gogo handiz erakartzen ditu Donostiara.
75 urte luze hauek ospatzeko, 75 bat kontzertu izango dira gaur hasi eta hilaren 31 bitartean. Gaur eskainiko diren lehen notek hemezortzi kontzertuko sinfonia erraldoi bat eratuko dute; batzuk leku itxietan, beste batzuk naturaren erdian; musika sakabanatuta, zoko ziztrin kirasdunetatik luxuzko paradisuetako paisaietaraino.
GARDENTASUNA
Egiazko diamante batek ez du kolorerik, guztiz gardena da; aurtengo Hamabostaldiak gardentasunerantz eta sotiltasunerantz gidatu nahi musika egitarau batzuk. Hara hor La Colombina musika taldearen poesiaz beteriko ahots lurrinduak; John Eliot Gardiner zuzendariaren interpretazioak edo Victor Ullate Balletak lurrundu ditzakeen olatuzko gorputz mugimenduak. Olatua, haizea eta eguzkiaren ezkutatzea Donostiako paradisuzko badian, garden bihur daiteke gaurko inaugurazioan Nautikoko terrazan egingo den emanaldian: Harkaitz Canoren poemak eta Arkaitz Mendoza piano jotzailea Frederic Chopinen Nokturnoak irudikatzen, literatura eta musika kolore gardenetan, urtuta, bereizgaitz. Ezin ahaztu gazteriaren gardentasuna, umotu berri diren lehen musika arimak; sail honetan, gehienbat bakarlariak aurkeztu beharrean, talde lana goraipatu nahi izan du Musikene ikastetxeak aurten, Hirubi haizezko instrumentuz osatutako boskotea eta Laukene harizko instrumentuzko laukotea azpimarratuz.
GOGORTASUNA
Mineralik gogorrenak ez du musika jaialdi honetan parekorik; musika gogor edo arrotzenak Musikagileak elkarteak antolatzen duen Musika Garaikidea sailean koka genitzake; betiere berritasuna eta kalitate handiko proposamenak aurkeztuz. Hor dago Iñaki Alberdiren akordeoiaren trebezia, baita Christophe Desjardins ere, jolasti, biola instrumentua elektronikarekin fusionatzen duena, eta Karlheinz Stockhausen Kontakte obra handiaren interpretazioa piano eta perkusio bikote baten bitartez. Musika ez da gogorra.Nagikeria sor dezakete Hamabostaldiak antolatzen dituen musika zikloek, baina aurtengoak jai algara puntu bikaina dute; Zarauztik Getariako Askizuraino Donejakue bidea itsasaldetik egiteko aukera liluragarria dago hilaren 24an, esaterako; eta Amezketako elizan, Pernando Amezketarraren jaiotzaren 250. urteurrena ospatzeko, kantu eta piano kontzertua eskainiko dute hilaren 29an.
Gemarik ezagunena
Harribitxirik ezagunena diamantea den bezala, hilabete luze irauten duen Hamabostaldian badira musikazaleentzat ezagun eta beti gustagarri diren obra handiak. Kursaal auditoriumeko orkestra ikusgarriekin eta egitura txikiagoan planteatutako errezitaletan badira sona handiko musika piezak ere. 75 urte luze hauetan gehien entzun diren obrak hauek izango dira seguruena: Donostiako Orfeoiak Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoarekin (Herbehereak) interpretatuko duen Giuseppe Verdiren Requiem-a; Budapestekoak hilabeteko azken joaldian landuko duen Franz Schuberten Sinfonia amaigabea; eta Toulouseko Orkestrak (Okzitania) Elisabeth Leonskaja piano jotzailearekin gozatuko duen Edvard Griegen Pianorako kontzertua obra famatua.
Baina bada, ordea, hitz bereziak merezi dituen beste lan bat: Giacomo Pucciniren La Bohème opera. 1939an egin zen estreinakoz Hamabostaldia, eta orduan antzeztu eta kantatu zen opera berriz interpretatuko dute Donostian, oraingoan Ainhoa Arteta sopranoaren partaidetzarik gabe, baina lehen mailako ahots bakarlari talde batekin: hilaren 15ean eta 17an Kursaaleko auditoriumean opera italiarrik ezagunenetarikoa entzuteko eta ikusteko aukera egongo da.
Eroankortasuna
Gaitasuna eta abilezia eskutik doaz artelanetan, eta, era berean, eroankortasunak badu hitzik zeresan horretan. Donostiako Orfeoiak harreman estua du Hamabostaldiarekin, eta Hector Berliozen Faustoren kondenazioa kantatuko du jaialdiaren lehen konpasetan; hainbestetan gozatu eta duela hamabost urte Salzburgon (Austria) gailurra ukitu zuen interpretazio eta obratzar berbera, hain zuzen ere. Musika noten elkarketa eta harmonien trinkotasunean ezin ahaztu Johann Sebastian Bach; horretarako, Helsinkiko Orkestra Barrokoak haren bi kantata —BWV 198 eta 213— ederraraziko ditu Viktoria Eugenia antzokian, Jorge Luis Prats pianistaren errezitaldiarekin batera; hiriburuko antzokirik garrantzitsuenean egingo diren bi kontzertu bakarrak izango dira.
Viktoria Eugenia antzokia 75 urte hauetan funtsezko egoitza izan da Hamabostaldiarentzat, halere azken urteotan Kursaaleko auditorium handiak hartu du haren lekua. Jaialdiaren eroankortasun termikoaren beste esparru edo musika sostengua Organo Zikloa da, gure herrialdean urrezko ondare diren organo instrumentuak loreztarazita; batez ere erromantizismo garaiko organoak. Atzerriko musikaririk garrantzitsuenak hemendik pasatuko dira, elizak gainezka betez eta mezetan entzuten den goiko organo ezezagun hori entzuleengana gerturatuz. Eroankortasun ezaugarriarekin jarraituz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak sortu zenetik (1982 ) Musika Hamabostaldiarekin harreman oso estua izan du beti. Diamantezko ezteietan, hortaz, EOSek ere parte hartuko du: Jose Maria Usandizagaren Las Golondrinas obra interpretatuko du. Halaber, Usandizaga hurrengo denboraldian omenduko dute.
Egituran, bakun
Diamantea mineral guztien artean egituran bakunena den karbonoz osatutako harribitxia da. Hortaz, bakuntasunean oinarritzen ditu Ivan Fischer zuzendariak bere interpretazioak. Budapesteko Orkestra hemen izango da jaialdiaren amaieran, eta koroatze ekitaldi bikainak dirudite planteatutako bi musika egitarauek. Batean, lehen aipaturiko Schuberten Amaitugabea interpretatuko dute, Roman Trekel baritonoaren partaidetzarekin; eta, bestetik, Johannes Brahmsen 3. eta 4. Sinfoniak, erromantizismoari deiadar egiteko erakusketa bakuna, beraz. Bertute handiko musikariak dira hungariarrak, zailtasuna bakun bihurtzeko abilezia duten artistak. Brahmsen harira, Emmanuel Ax piano jotzaileak Rotterdamgo Orkestrarekin Pianorako 1. kontzertua eskainiko du; joan den martxoan oholtza berean Kopenhageko Orkestrak eskainitakoarekin alderatzeko aukera emango du, beraz.