Maiatzaren 24, 25 eta 26rako antolatu dituzte kultur ekitaldiak, Donostiako hainbat auzotan, 2016ko Europako kultur hiriburutzarako programazioaren barnean. Arte mota ezberdinei egingo diote lekua, hala nola musika, gastronomia eta arte plastikoei. Teknologiari, ekologiari eta arkitekturari loturiko ekitaldiak ere izango dira, besteak beste. Hori guztia gauzatzeko, antolatzaileek deialdia zabaldu zieten eragileei. Igor Otxoa Olatu Talkaren zuzendariak nabarmendu du "beste behin ere herritarren erantzuna ezin hobea" izan dela: "Hori da jaialdi honen funtsa eta balio nagusia. Hau ez da kultura amateurraren adierazle bakarrik, jendaurrean erakusteko aukera paregabe bat, baizik eta kulturaren inguruan modu ez-profesionalean dabilenak ere aurrerapausoak emateko eta ikasten joateko modua ere bai", gaineratu du.
Pildora digitalak izeneko bideo txikiak egin dituzte Larrotxeneko zinema eskolako hainbat ikaslek. Aurten sare sozialetan ekitaldien berri emateko ahalegin berezia egin dutela esan du Olatu Talkako arduradunak, eta horietatik zabalduko dituzte pildora digitalak. 30 inguru jarri dituzte sarean. Egitarauari buruzko informazio gehiago jasotzeko, olatu talkaren webgunera jo daiteke.
Hainbat kultur arlotako ordezkariek ekimenetariko batzuen berri eman dute. Soraya Garcia margolaria, esaterako, hiru ekitalditan ariko da, egun bakoitzeko bat. 24an Walking gallery delako ekimena egingo dute. Horretarako, deialdia zabaldu die artistei euren obrak hartu eta 18:00etan Ondarretara joan daitezen. "Artea museoetan egon behar deneko ideiarekin hausteko" baliatuko dutela adierazi du Garciak. Hurrengo egunean Arte zentsuratua izeneko erakusketa jarriko du Gros auzoko kai muturrean. Izan ere, "hiri honetan bertan eta beste leku askotan" zentsura jasan izan duela salatu du. Azkenaldian autorretratu biluziak egin ditu: "Ezin izan ditut erakutsi". Adierazi du horrek frustrazio handia eragiten diola edozein artistari, "egin ostean erakustea baita nahi dena". Gaineratu du Gipuzkoako Artisten Elkartean arau bat dagoela indarrean, erlijioa, politika eta sexuari loturiko lanak kontrolatzeko. "Ikusi arte, ez dut sinetsiko udalak jartzen lagako didanik. Hortik aurrera, gustuko ez duenak ez dezala begiratu", esan du Garciak.
Joan den urtean egin zen Ostiralive ekimena Talkalive bihurtu dute aurtengo ediziorako. Laurogei kontzertu izan ziren iaz; ehun izango dira aurten. "Asmoa ez da soilik Olatu Talkarekin batera horrelako ekimena garatzea. Udal araudietan aldaketak sorraraztea, eztabaida hori mahai gainean jartzea litzake gure asmoa, eta denborarekin hau egonkortzea". Horrela talde "amateurrei" laguntzen dietela uste du Otxoak, eta tabernetan eta bestelako espazio publikoetan horrelakoak egin daitezkeela "bizilagunak ernegatu gabe".
Haurrentzako, gazteentzako eta helduentzako jarduerak ere izango dira. Besteak beste, teknologiaren erabilera aktibistari buruzko tailerra, Agrippina opera emanaldia Konstituzio plazan, Sukaldanitzak ekimena hainbat jatorritako gastronomiaren presentziarekin —astelehenetik aurrera eman daiteke izena 25eko bazkarirako, musutruk—, errugbi txapelketa bertsolariekin eta ekologiari loturiko jarduerak izango dira.