Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua 50 filmetan da aurten 62. Zinemaldiak eskainiko duen atzera begirakoaren izenburua. Zikloak Bigarren Mundu Gerra ostean Sobietar Batasunaren eraginpean bizi izan ziren herrialdeetan 2000. urtetik hona ekoitzitako zinema eskainiko du. Haren bitartez, zinematografia horien sormen aberastasuna ezagutzera emango du zinemaldiak, baita azken hamarkadako talentu berriak ere. "Hala, aurreiritzi eta estereotipo guztiak baztertzea lortu nahi dugu, eta herrialde horietako errealitatera hurbiltzea, bertakoen eskutik", adierazi du antolakuntzak ohar batean.
Herrialde horietako herritarren bizimoduan izandako aldaketek eragina izan dute bertan eginiko zineman, eta, orain, prozesu sozial eta politiko horien erregistro eta lekuko da. Besteak beste, Errumania, Hungaria, Polonia eta Txekiar Errepublikatik datozen zinemagile belaunaldi berriek mundu osoko kritikarien eta ikusleen arreta bereganatu dute, baita zinema ekoizpenetan pizgarri berriak dituzten herrialdeetako proposamenek ere: Bulgaria, Errepublika Baltikoak, Eslovakia, Eslovenia, Moldavia eta Mazedonia.
"Guztiek ere imajinario berriak eskaintzen dizkiete ikusleei: egungo giza paisaiak erretratatzen dituzten gai sozialeko filmak; orain arte ezkutuan izan diren azken hamarkadetako gertakariei buruzko birsorkuntza historikoak; publiko berri bati zuzenduriko genero-zinemako ereduak; heredatu duten munduari buruz beren ikuspegia eskaini nahi diguten zinemagile berrien lanak...", azaldu du Donostiako Zinemaldiak.
Atzera begirakoak 50 film bilduko ditu guztira, honako herrialde hauetakoak: Albania, Bosnia, Bulgaria, Kroazia, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Hungaria, Letonia, Lituania, Mazedonia, Moldavia, Polonia, Txekiar Errepublika, Errumania. Zikloak honako izenburu hauek eskainiko ditu: No Man's Land (2001), Danis Tanovic zuzendariarena; The Blacks (2009), Goran Devic & Zvonimir Juric zuzendariena; Children of Sarajevo (2012), Aida Begic-ena; The Parade (2011), Srdan Dragojevic-ena; How I Killed a Saint (2004), Teona Strugar Mitevska zuzendariarena; The Temptation of St. Tony (2009), Veiko Ounpuurena; Cooking History (2009), Peter Kerekesena; The Wild Bees (2001), Bohdan Slama zuzendariarena; Hukkle (2002), Gyorgy Palfirena; The Death of Mr. Lazarescu (2005), Cristi Puiurena; 12:08 East of Bucharest (2006), Corneliu Porumboiurena, eta Panihida (2012), Ana-Felicia Scutelnicu eta Tito Molina zuzendariena, besteak beste (behin-behineko izenburuak).