Donostia 2016 proiektua bultzatzeko asmoz, Olatu Talka jaialdia egingo da maiatzaren 11tik 13ra bitartean. Hirugarren aldia izango du, eta aurrekoetan ez bezala, aurtengoan Donostiatik kanpo ere egingo dira jarduerak. «Egitasmoa hiritik haratago doa. Hiriarena soilik ez dela erakutsi nahi dugu», adierazi zuen Eva Salaberria Donostia 2016 Bulegoko koordinatzaileak atzo Getariako Balentziaga museoan egindako aurkezpenean. Hezkuntzan eta kulturan oinarrituta, espazioak sortu nahi dituzte Donostia 2016koek, «pertsona guztiek proiektu bat parteka dezaten». Hortaz, Donostiatik haragoko espazio horietara ere helduko dira aurtengo Olatu Talkaren zipriztinak.
Orion, Getarian, Astigarragan, Elgoibarren, Andoainen, Tolosan (Gipuzkoa), Bilbon, Gasteizen, Senperen (Lapurdi) eta Arantzan (Nafarroa) egingo dira Donostiatik kanpoko jarduerak. «Bilbotik Baionaraino doa proiektua, eta barnealdera ere jotzen dugu. Aukera bat beste guztiekin konpartitu nahi dugu», adierazi zuen Salaberriak.
Filosofiarekin bat eginez
Donostia 2016 Bulegoak Olatu Talkarako proposamenak jaso zituen, eta denen artean aukeraketa bat egiteko orduan, proiektuaren filosofiarekin bat egiten duten jarduerak hautatu ditu. Izan ere, ondoko zortzi balioek ematen diote zentzua egitasmoaren filosofiari: TRANS (Eraldatzailea), EKO (Ekontzientea), GEO (Geopoetikoa), LAB (Esperimentala), KOOP (Kooperatiboa), POP (Herrikoia), NET (Sarean egina) eta DIY (Zuk zeuk egina). «Aurkeztutako ekimen guztiek proiektuaren balioren batekin bat egiten zuten», jakinarazi zuen Igor Otxoak, Donostia 2016ko zuzendariak. Hala, balio horiek gizarteratzea da ekimenaren hirugarren aldiaren helburua. Gainera, Otxoak nabarmendu zuen Olatu Talkak aurrenekoz edukiko duela programazio zehatz bat. Ekitaldiak hiru egun horietan egingo diren arren, oraindik ere ez dituzte den-denen ordua eta eguna zehaztu. Baieztatuta daudenak aurkeztu dituzte oraingoz.
Donostiatik haragoko kultur zipriztinak
Maiatzaren 11tik 13ra Olatu Talka egingo da, Donostia 2016 «hiriarena soilik ez dela erakusteko asmoz»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu