Musika

Dragoiek BEC hartu dute Halloween gauean

Ia 22.500 lagun bildu dira BIMEk iraun dituen bi egunetan. Imagine Dragons, Crystal Fighters eta Richard Ashcroften emanaldiak izan dira jendetsuenak.

Savages taldearen emanaldia. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
2015eko azaroaren 2a
12:49
Entzun

2014ko BBK Liveko karteletik erori eta gero, jende ugarik zuen Imagine Dragons ikusteko gogoa. Bezperan baino mugimendu gehiago igarri zen BECen. Izan ere, antolatzaileen arabera 3.500 lagun gehiago hurbildu zen Barakaldora. 

Estatubatuarrak gogotsu taularatu ziren, eta Shots-en lehenbiziko notekin jada irabazita zuten publikoa. Taldeak aurpegi rockeroa ere erakutsi zuen, I´m Sorry edota I Bet My Life zaratatsuarekin. Bezperan agertoki berean aritu zen Crystal Fightersi keinu egin zioten. Ez zen gaueko bertsio bakarra izan, Alphavilleren Forever Young abestiarekin ere ausartu baitziren. The Fall abestiarekin amaiera hurbil zegoela suma zitekeen, eta emanaldiak goia jo zuen Radioactive kantuarekin. "Hurrengo urtera arte!" batekin agurtu zen Dan Reynolds abeslaria, hurrengo BBK Live jaialdian parte hartzeari ateak zabalduz.

BECera hurbildutakoen artean, denetarik ikus zitekeen atzokoan: espresuki Imagine Dragons ikustera joandako gaztetxoen artean, umeekin joandako gurasoak edota adineko jendea ere nabarmendu zen. Ausartenak mozorrotu ere egin ziren, Halloween gaua zela eta. Horrela, drakulak edota antzerako pertsonaia beldurgarriak ikus zitezkeen han-hemenka. Inprobisatzea nahiago dutenek aukera izan zuten itxuraldatzeko, makilatzeko ezarritako postuetan.

Bidaia nostalgikoa
Guztiz bestelakoa izan zen Imagine Dragons taldearen aurretik bigarren agertokian ikusi zena. Richard Ashcroft kaskamotz batek barrenak askatu zituen milaka lagunen aurrean, gitarra akustiko baten laguntza soilarekin. The Verbe taldeko abeslaria izandakoak bakarkako ibilbideko abestiak talde britainiarraren bertsioekin tartekatu zituen; ordubeteko bidaia intimoa izan zen Ashcroften kontzertua.

Sonnet, A Song For the Lovers edota The Drugs Don´t Work kantuek nostalgiko jarri zuten ikuslegoa, eta Lucky Man abestiarekin goia jo zuen ikuskizunak. Abestien artean esker oneko hitzak izan zituen publikoarentzako, ez horrela beste batzuentzako."Nik ez dut pirotekniaren beharrik, gitarrarekin nahikoa dut" bezalako perlak bota zituen artistak. Bitter Sweet Sumphony klasikoarekin agurtu zen Ashcroft, nola ez. "Hurrengora arte! Gaurkoan bakarrik etorri naiz, datorren urtean, ostera, bandarekin itzuliko naiz", hark ere hurrengo emanaldi bateko aukera indartuz.

Agertoki berean aritu ziren aurretik Savages. Hasierako soinu arazoak konponduta, ikuskizunak gora egin zuen. "Ondo entzuten da?", galdetu zuen Jehnny Beth abeslariak behin baino gehiagotan. Post punk kontzertu gordina eskaini zuen laukoteak, eta Bethek eskarmentua erakutsi zuen taula gainean (baita oreka mantentzeko trebezia, segurtasun hesien gainetik abestuz). Fucker abestiarekin itxi zuten emanaldia. "Ez utzi kabroiei izorratzen!".

Festarekin jarraitzeko
Imagine Dragonsen kontzertua amaitzerakoan hanka egin zuten hainbatek; halere, milaka lagun batzuk bertan geratu ziren parrandarako prest. Kakkmaddafakka norvegiarrak Txapeldunen Ligako ereserkiarekin taularatu ziren. Beraien indie rock atseginak erraz konektatu zuen festarako gogoz jarraitzen zuen publikoarekin. Ostean, !!! (Chk, Chk, Chk) taldearen txanda iritsi zen. As If lan berria aurkezteko biran daude estatubatuarrak, eta hankaz gora utzi zuten BECeko pabilioia. Hirugarren BIME hau ixteaz Nathan Fake arduratu zen, bere elektronika nahasketarekin.

Kontzertu "handietarako" atonduriko gunean aldaketak egin dituzte hirugarren edizio honetarako. Lehenbiziko eta bigarren agertokiak elkarren alboan daude orain, kontzertu batetik besterako ibilaldiak dezente laburtuz (soinu-frogetan zerbait eragotzi dezakeen arren). Aurtengo beste nobedade nagusia, eskumutur adimenduena izan da. Sarreraren truke jasotzen du eskumuturra bisitariak, eta ordainketa guztiak honen bitartez egingo ditu. Antolatzaileentzako esperientzia positiboa izanez gero, litekeena da beste jaialdi batzuetan ere formula bera errepikatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.