Angel (Iker Galartza) eta Maria (Sara Cozar) bikote dira, eta Nacho (Joseba Usabiaga), berriz, haien lagun mina. Mariak, ordea, amodio istorio bat eduki du Nachorekin, eta, horren ondorioz, bikotea hautsi da. Egoera horretatik abiatzen da Hil arte bizi antzezlana. «Gertaera horrek ondorengo egoera guztiak baldintzatuko ditu», adierazi du Begoña Bilbaok, antzezlanaren zuzendariak. «Adiskidetasunaz, traizioaz eta heriotzaz» mintzo dira, besteak beste. «Elementu dramatiko horiekin zaila da komedia bat osatzea, baina obra honetan asmatu dugu osagai horiekin komedia bat egiten». Izan ere, askotan drama bera da komediaren iturburua. Txalok ekoitzi du antzezlana, eta gaur aurkeztuko dute, Andoaingo Bastero aretoan (21:30).
«Vaudeville bat» da, Bilbaoren ustez. «Gaizki ulertuak, erdizka esandako egiak, errukizko gezurrak.. Komediaren oinarrizko osagaiak dauzka». Cozarrek, Usabiagak eta Galartzak, hain zuzen, Ate joka antzezlana defendatu dute azkeneko bi urteetan. Komedia bat zen hura ere, eta Begoña Bilbaok zuzendu zuen. Haren ustez, baina, antzezlan berria ez da aurrekoaren jarraipena: «Komediak dira biak, baina ez nuke esango jarraipen moduko bat denik. Pertsonaiek, gainera, ez daukate zerikusirik». Ate joka-k bi gizonen arteko elkarbizitza lantzen zuen, batez ere. «Bi pertsonaren arteko kontrastean oinarritzen zen hura. Oraingo honetan, ordea, egoera jakin batek ataka larrian jarriko ditu bi lagun min, eta orduan hasiko da funtzionatzen komedia».
Baina «umorez» aurre egingo diete egoera horiei. «Horrek ez du esan nahi, ordea, momentu mingotsak edota samurrak ez dituenik». Halere, sufritu baino gehiago, «barre» egingo dute ikusleek. «Gaiak gogor samarrak izan daitezke, baina beste ukitu bat eman zaie. Egoerak beste modu batean landuz gero, ordea, argi dago drama bat izango litzatekeela. Antzezlanaren helburua, baina, ikuslea dibertiaraztea da».
Ikusleak, «identifikatuta»
Eta ikusle horiek Hil arte bizi-ko protagonistekin identifikatuta senti daitezkeela iritzi dio Bilbaok: «Autoreak, gainera, egunerokoan lagunartean erabiltzen den hizkera arrunta baliatu du». Beraz, antzezlanak planteatzen dituen egoerak «oso ezagunak» egingo zaizkio ikusleari. «Dena dela, mugara, umorera eramandako egoerak dira. Jende gaztea da, eta haiekin identifikatu zaitezke». Konparaketa bat egin du: «Ez da, adibidez, Estatu Batuetako ohiko komedia bat. Horiek urrunago geratzen zaizkigu...».
Ikusleak dibertitu egingo direla uste du antzezlanaren zuzendariak, baina argi dauka komediak «serio» landu behar direla: «Bestela, fartsa edo parodia bihur daitezke. Edo karikatura, zergatik ez. Eta hori gertatuz gero, oinarrizko ideiatik aldentzen zara, eta bestelako umore bat egiten duzu».
Galartza eta Usabiaga, adibidez, umorea lantzeagatik nabarmendu dira. Antzezlan berriak, baditu, ordea, osagai dramatikoak. «Komediak egiarekin landu behar dira. Eta komiko onak aktore dramatiko onak izaten dira normalean, egiatik abiatuta lan egiten dutelako. Beharbada, exageratu egiten da, baina egiak izan behar du abiapuntua. Sufritu egin behar duzu». Galartzaren adibidea jarri du: «Ikerrek [Galartza] gaitasun handia dauka. Hark zenbat eta gehiago sufritu, orduan eta barre gehiago egiten dut nik. Zerrikeria bat dirudi, ezta? Paradoxa bat, agian, baina hala da».
Sufritu, Angelek, Mariak eta Nachok, hirurek sufrituko dute. «Gauza asko gertatuko zaizkie. Antzezlana ondo osatua dago, erraz ikusten diren horietakoa da, gertaera guztiak bata bestearekin lotuta daudelako. Traizio batetik abiatuta, beste guztia garatuko da». Javier Veiga aktore eta autore galiziarrak idatzi zuen jatorrizko bertsioa (Amigos hasta la muerte), eta Galartzak berak euskaratu du.
Drama da komediaren iturburua
'Hil arte bizi' antzezlana estreinatuko du Txalo konpainiak, gaur, Andoaingo Bastero aretoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu