Drive by Truckers taldeak 'The Big To-Do' diskoa aurkeztuko du Bilbon gaur

Rock klasikoa eta hegoaldeko eragin nahiz nortasun nabariak ditu ikur AEBetako taldearen lan berriak

gorka erostarbe leunda
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Hegoaldeko ukitua duen rock klasikoak eta AEBetako gizartearen erro betikotuetan bizi den jendearen bizitza xehatzeko abileziak nabarmendu du Drive by Truckers estatubatuarren jarduna. Lehen ere Euskal Herrian izanak dira. Gaur Bilboko Kafe Antzokian emango dute kontzertua (21:30), eta aurretik The Whybyrds ariko da.

90eko hamarkadaren amaieran agertu zen musikaren mundura Drive by Truckers, eta berehala hurbildu zitzaizkien zaleak, nahiz eta hasiera batean, gutxi batzuk baino ez izan. Arrakasta erabatekoa SouthernRock Opera (2001), Decoration Day (2003) eta Dirty South (2004) diskoak plazaratu ostean iritsi zitzaien. Lynyrd Skynyrd taldearen itzala handia izan zen hiru disko horietan, baina taldeak berezko nortasuna ere garatu zuen suharrez beteriko rockari dramatismo ukitu bat eta AEBetako hegoaldearen ikuspegi neorrealistak eskainiz.

Behin taldea erabat sendoturik zela hasi ziren zenbait taldekide alde egiten. Bereziki nabarmentzekoa izan zen Jason Isbellen alde egitea. Taldekide ez ezik sorkuntza prozesuan gehien eragiten zuenetakoa zen. Egun, bakarkako ibilia nahiko bideraturik dauka.

Galera dramatikoa izan zitekeen, baina taldekideek indarrez eta euren buruan konfiantza handiagotuz erantzun dute hurrengo lanetan, Brighter than Creation's Dark disko luzean (hemeretzi kantu ditu, eta gutxiago izango balitu disko biribila litzateke) eta aurten argitaratu duten The Big To-Do izenekoan.

Lan berrian Patterson Hoodek hartu zuen kantuak konposatzeko ardura nagusia. Gehienak berak sortuak dira, eta zirkoaren metafora erabiltzen du rockaren munduaren metafora gisa. Rockarekin loturiko bizimoduak sortzen dituen aldarteak, gehienak nekearekin eta gorabehera handiekin lotuak, islatzen ditu bere hitzetan. Aurreko lanetako batzuk baino soinu zuzen eta indartsuagoa du lan berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.