Grabatu sakonekin apainduako duela 14.500 urte inguruko bi haga aurkitu dituzte Azpeitiko (Gipuzkoa) Ezkuzta leizezuloko indusketetan, Izturitzeko (Nafarroa Beherea) leizezulokoekin “ahaidetzeko modukoak”, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoen iritziz. Madeleine Aldiko erdikoak direla uste da, eta haien kalitatea aintzat harturik “Iberiako Penintsulan osoan" pieza "bakarrak” direla adierazi dute. Duela 14.500 urte inguruko Urolako bizilagunek Ipar Euskal Herrikoekin harremanak zituztela dioen hipotesia indartu du aurkikuntzak.
Aurkikuntza Azpeitiko Antxieta taldeak egin du, Mari Jose Iriarte Ikerbasqueko Prehistoria Ikerkuntza Taldeko ikertzaile eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak gidatuta.
Gipuzkoan aurten egindako indusketen emaitzak aurkeztean eman dute Ezkuztako ezusteko aurkikuntzaren berri Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek. Aurtengo indusketen beste emaitza garrantzitsu bat Praileaitz leizezuloaren bigarren sarrerarena izan da, duela bi hilabete aurkeztua. Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kiroleko diputatuak gogoratu du Gipuzkoako Aldundiak Praileaitzeko babes eremua ehun metrora zabaltzea eskatu zuela orduan, eta Eusko Jaurlaritzak ez diola oraindik ere eskaera horri erantzunik eman.
Horrez gain, Badiolak iragarri du akordio batera iritsi direla Gipuzkoako Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, gaur egun Donostiako Intxaurrondo auzoko lokal batean gordeta dauden pieza arkeologikoak Irungo Gordailua Gipuzkoako Ondare Kultural Higigarriaren Zentrora eramateko. Orotara 600.000 pieza garraiatuko dituzte, 7.200 kutxatan bilduta. Urtea amaitu biano lehen hasiko dira piezak Gordailura eramaten.