Zaratak, eta muntatze lanetan dabilen makina hara eta hona. Hutsik dago Landako gunea, eta hantxe eman dute gaur Durangoko 53. Azokaren egitarauaren berri. Laster aldatuko da irudi hori, ordea; erakusleihoz beteko baita gaur hutsik dagoen eremua. Kopuru zehatza ere eman dute: 247 erakusleiho izango dira abenduaren 5etik 9ra bitarte. Orotara, 439 nobedade jasoko ditu Durangoko Azokak. “158 argitaletxe, diskoetxe, kultur elkarte eta erakunde eta banatzailek parte hartuko dute. Landako gunean, 247 erakusmahai egongo dira, eta horietatik 439 nobedade aurkitu ahal izango ditugu”. Datu zehatzak eman ditu Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak: “304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko bat eta bestelako 23 lan berri izango dira. Autoekoizleen plaza ere izango dugu bosgarren urtez: 17 izango dira”. Aurrekontuaren berri ere eman du Gerediagako lehendakariak: 659.912 euro.
Sormen beka da aurtengo Durangoko Azokak dakarren nobedadeetako bat, eta, iragarri dutenez, abenduaren 6an jakinaraziko dute nori emango dioten. Euskal kulturari egindako ekarpena saritu izan du Gerediaga elkarteak orain arte, Argizaiola sariaren bitartez. Iaz, baina, planteamendua irauli, eta iraganeko ibilbideak saritzeari utzi, eta iragarri zuten etorkizunekoei laguntzen hasiko zirela. Literatura da aurtengo Sormen bekaren gaia, eta 28 lan aurkeztu dituztela azaldu du Mujikak. “Oso pozik gaude izan duen erantzunarekin”. Eta egitasmo sarituak datorren urteko Durangoko Azokan aurkeztuko du bere lana, jendaurrean.
Azokako guneetako arduradunak ere izan dira gaurko agerraldian, eta abenduaren 5etik 9ra bitarteko egitarauaren nondik norakoak aurkeztu dituzte. Irudienea da aurtengo egitarauan indartuta dagoen eremuetako bat. Urtero bezala, Durangoko Zugaza zineman kokatuko da, eta, egunero, 11:00etatik 21:00etara bitarte izango da zabalik. Gu, Laboa, Gure Oroitzapenak, Soinujolearen Semea eta Margolaria filmak aurkeztuko dituzte, besteak beste, azoka egunetan. Lan bereziak ere aurkeztuko dituztela iragarri du Johana Olabarria guneko arduradunak: Dantza dokumentalean oinarrituta ondu duten dokumental seriearen lehen atala eta Oreina filma ardatz hartuta landu dituzten hiru film labur.
Ahotsenean parte hartzeko, berriz, 100 eskaeratik gora jaso dituzte, eta orotara 70 kontzertu programatu dituztela azaldu du Unai Pelayo Ahotseneako arduradunak. Horrez gain, 42 solasaldi ere izango dira gune horretan. Batez ere euskal idazleen azken lanak gertutik ezagutzeko aukera izango dela azaldu du Pelayok arduradunak. “Literaturaz gain, musika, bertsolaritza eta komikigintza diziplinek ere euren ordezkaritza izango dute”. Ahotsenea ez da izango, ordea, kontzertuak bilduko dituen gune bakarra. Plateruena antzokian bost emanaldi izango direla iragarri dute: Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz San Salvador.
Kokalekua aldatuko du Kabi@ guneak aurtengoan, Landako gunetik kanpoko espazio batean izan da orain arte, eta Azoka gunera sartuko da aurten. Gorka Julio arduradunak eman du ekitaldien berri: abenduaren 5ean, ikasleen egunean, programazioa irakasteko Jolasmatika mahai jokoarekin jardungo dira. Wikipediaren egitasmoa ezagutarazteko ekitaldiak eta sareetan garatu diren hainbat proiekturen berri ere emango dute azoka egunetan. Azken egunean, Uztaritz Beteluren erakusketa jarriko dute Kabi@ gunean.
Areto Nagusian, Gogoetaren Plaza kokatu dute aurtengoan ere. Abenduaren 6an, adibidez, 68tik mende erdira solasaldian parte hartuko dute Ismael Manterola EHUko irakaslea eta arte kritikariak, Mari Asun Landa eta Belen Oronoz idazleak, hirurak ere Lander Arretxea kazetariak gidatuta. Abenduaren 7an, sormena eta gurasotasuna hizpide hartuta, mahai ingurua egingo dute Dani Fano ilustratzaileak, Birkit musikariak eta Katixa Agirre eta Lander Garro idazleek. Josu Goiko idazleak hartuko du gidari lana. Kulturaren transmisioa ere izango dute mintzagai, abenduaren 8an. Iratxe Retolaza EHUko irakasle eta literatura ikertzailea, Maria Rivero abeslaria, Pello Ulazia artista eta Mikel Artola bertsolaria arituko dira solasaldian, eta Kattalin Miner jardungo da moderatzaile lanetan.