Durangoko Azoka

Durangoko Azokako bisitarien %93 euskaldunak dira

Azokaren bisitarien erretratua eskaintzen duen ikerketa kuantitatiboa aurkeztu dute Deustuko Unibertsitateak, Siadeco ikerketa enpresak eta Gerediaga elkarteak. Azokara doazenen fideltasuna eta asebetetze maila altua nabarmendu dituzte.

50. Durangoko Azokaren edizioko irudi bat. MONIKA DEL VALLE/ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2016ko urriaren 5a
18:45
Entzun

Batez beste 37 urte ditu, emakumezkoa da kasuen %54an, lizentziatua %56an, bizkaitarra %49an, hamahiru aldiz izan da azokan, 65 euroko gastua egiten du gutxi gorabehera, eta batez ere eta nagusiki euskalduna da. Hori da Durangoko Azokako bisitariaren erretratu zehatza, iazko edizioan Siadeco ikerketa enpresak azokan egindako inkesta kuantitatibo zabalaren arabera. Gaur aurkeztu dituzte kopuru zehatzak, Bilboko Deustuko unibertsitatean, eta datu bat nabarmentzen da aurkeztu dituzten gainontzeko guztien artean: azoka bisitatzen duten hamar pertsonatik bederatzi euskaldunak dira. Eta datu horren garrantzia azpimarratu nahi izan du Juanjo Allur Siadeco enpresako ikerlari eta arduradunak ere: “Euskal Herriko biztanleria euskaldunaren %12 da azokara etortzen dena”.

Prentsaurrekoan pozik azaldu dira ikerketaren emaitzarekin Gerediaga elkartekoak. “Emaitzek pilak kargatzen dizkigute”, adierazi du Aitziber Atorrasagastik. Pozik, batetik, bisitarien leialtasunarekin: “Bagenekien Durangoko Azokako bisitaria fidela zela, baina batez beste hamahiru azokatan parte hartu duela jakitea datu benetan esanguratsua da guretzat”. Eta pozik, bestetik, gazteen erantzunarekin ere: “Transmisioak arduratzen gaituenez, bereziki gogobetetzen gaitu azokaren bisitarien artean gazteek horrenbesteko pisua izateak”. Izan ere, 16 urtetik gorako bisitari kopuru osoaren %34,2 29 urte baino gazteagoa da. Baina erronka handiak ere igar daitezke ikerketako zenbakien artean. “Ez da gure asmoa autokonplazentzian erortzea, eta, horregatik, geure buruari galderak egiteari ekin diogu”. Eta Atorrasagastik aipatu dituen galderen artean galdera bat da nagusi: “Ikerketak dio behin azokara etortzen denak errepikatu egiten duela, baina nola iritsi inoiz etorri ez den horrengana? Nola erakarri erdaldunak edo ia-euskaldunak euskal kultur ekoizpenera?”.

Erdaldunengana heltzeko zailtasunak

“Irla bat da”. Hitz horiekin deskribatu du Durangoko Azoka Nerea Mugika Gerediaga elkarteko lehendakariak. Bisitan joaten diren euskaldunen kopurua %93koa dela azaltzean esan du hori, eta pozik azaldu da datuarekin. Euskaldun kopuru osoaren %12 erakartzen lortu izana nabarmendu du Atorrasagastik ere. “Datu oso singularra da. Ez dago munduan halako daturik duen azokarik”. Eta balio du datu horrek urtez urte azokak euskaldunen artean lortutako hedapenaren eta onarpenaren neurria azaltzeko. Baina Siadeco enpresako ikerlariak gogoratu duenez, datu horrek ematen du azokak erdaldunak erakartzeko dituen zailtasunen neurria ere. Allurrek kalkulatu duenez, Euskal Herriko biztanleria ez-euskaldunaren %0,5 baino ez baita joaten Durangora.

Ez da datuetan identifikatutako erronka bakarra, ordea. Ikerketaren emaitzek argi uzten baitute, adibidez, Landako Guneak azoka egunetan duen zentraltasuna. Izan ere, bisitarien %98,8k ezagutzen dute erakusmahaien espazioa, bisitarien %89,5k ezagutzen dute haren ondoan jarri ohi den Ahotsenea gunea, eta %88k bertan dagoen Plateruena kafe antzokia. Landako Gunetik aldenduago dauden guneen kasuan, ordea, nabarmen jaisten da ezagutza maila, eta bisitarien %40 inguruk bakarrik ezagutzen dituzte Saguganbara, Szenatokia eta Irudienea guneak, esaterako. Bestetik, bisitarien erdiek baino gehiagok nahi lukete euskarak azokan pisu handiagoa izatea.

Ezezko kopuru txikia

100.000 bisitari izan zituen guztira azokak iaz, eta haietariko 915 galdekatu zituzten abenduaren 6tik 8ra inkestagileek. Ikerketatik kanpo utzi zuten Ikasle Eguna, eta 16 urtetik gorako bisitariak soilik hartu dituzte kontuan, baina hurrengo egunetan ordutegi eta kokapen ezberdinetan egin zituzten galdeketak, eta erretratua erabat fidagarria dela dio horregatik Allurrek. Zehazki, %3,3koa da akats tartea, eta %95,5eko konfiantzarena. “Oso emaitza positiboak dira atera direnak”, onartu du ikerlariak. Inkestatzaileek jasotako ezezko kopuru txikia ere nabarmendu du, gainera. “Azokara datorren jendea inkesta luze-luze bat erantzuteko prest dago. Hori ja bada indikadore bat”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.