Durangoko Azoka

Durangoko Azokara ez ezik, beste hiru gunetara zabalduko dute Ahotsenea

Literaturia, Araba Euskaraz eta oraindik zehaztu ez duten sorkuntzarekin lotutako beste jaialdi batera zabalduko dute bere programazioa. Irailaren 14an zabalduko zaie izen emateko epea sortzaileei.

Ahotseneako kideak, Durangoko Azokako eta Araba Euskaraz jaialdiko ordezkariekin, eta hainbat sortzailerekin, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO/FOKU
Inigo Astiz
2020ko irailaren 9a
14:26
Entzun

Dena ontzi handi bakarrean biltzea ezinezkoa izango dela ikusirik, eskaintza lau ontzi txikiagotan banatzea erabaki du aurten Ahotseneak. Durangoko Azokaz gain, udazkeneko beste hiru jaialditan ere antolatuko dituzte zuzeneko disko eta liburu aurkezpenak: Literaturia jaialdian, irailaren 26an; Araba Euskaraz jaialdian, urriaren 18an; eta oraindik zehaztu ez duten sorkuntzari eskainitako hirugarren jaialdi batean. Udazkenean hirurak. Aurrez ere prestatua zuten eskaintza hedatzeko bidea antolatzaileek, baina koronabirusak eman die azken bultzada. Izan ere, pandemiari aurre egiteko neurrien eraginez, erdira baino gutxiagora murriztu beharko dute Durangorako burutan zerabilen kontzertu eta liburu aurkezpenen kopurua, eta ontzia erdi hutsik utzi ordez, nahiago izan dute hustutako erdi horri beste ontzi batzuetara eraman.

Datuak badaude. Aurreko urteetan, bataz beste, 70 bat zuzeneko musika aurkezpen eta 40 bat solasaldi antolatu izan ditu Ahotseneak Durangoko Azokan. Aurtengorako, ordea, zortzi solasaldi eta 35 bat zuzeneko musika aurkezpen antolatuko dituzte. Aurreikusitako musika saioen erdia bakarrik, beraz, eta pentsatuak zituzten solasaldien %80 gutxiago. Horregatik hedatu beharra. Eskaintza lau jaialditara zabalduz, murrizketa apaltzea da antolatzaileen asmoa.

Ahalik eta gehienentzat

«Pandemia honek gogora astindu du kultura». Baieztapen horrekin abiatu ditu egokitzapenari buruzko azalpenak Miren Narbaiza Ahotseneko koordintzaileak. Azaldu duenez, «ahalik eta sortzaile gehienei» lekua egitea izan da hasieratik haien asmoa, «ahalik eta jenderik gehienarengana iristeko», baina koronabirusak zaildu egin du hartu-eman hori. 2007an hasi zen sortzaile talde bat lehenengoz Ahotsenea antolatzen, Durangoko Azokan sortzaileek ere presente egon behar luketela sinetsita, eta, geroztik, urtez urte, gero eta garrantzi handiagoa hartuz joan da proposamena azokaren eskaintza osoan.

Aurten, zabaldu egingo dute eragin esparrua, eta poza azaldu du horregatik Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko lehendakariak. «Pozten gara sortzaileek abiatutako ekimenak azokaz harago hartu duen bideaz». 

Berez, maiatzaren azken asteburuan ziren Zarautzen (Gipuzkoa) Literaturia jaialdia egitekoak, baina, pandemiaren eraginez, azkenean, irailaren azken asteburura eraman dute programa. Literatura da jaialdiaren ardatz nagusia, eta, horregatik, aurten argitaratutako liburuen aurkezpenak antolatuko ditu bertan Ahotseneak. Irailaren 26an, zehazki. 

Zortzi talde Amurrion

Araba Euskaraz jaialdian, kontzertu gune propioa jarriko dute. Amurrioko Aresketa ikastolak du aurtengo jaialdia antolatzeko ardura, baina haiek ere bigarren botean antolatu beharko dute festa, azkenean. Urriaren 18ra atzeratu behar izan dute haiek, hasieran, ekainaren 14an egin beharrekoa. Eneko Aldai programazio lantaldeko kideak azaldu duenez, koronabirusaren krisia sortu baino lehenagotik ere bazuten Ahotsenearekin kolaboratzeko asmoa, eta lankidetzari eustea erabaki dute gerora. «Iaztik genuen asmoa sortzaileentzako kabi bat uzteko. Gero egoera lehertu egin da, eta ataka batean ikusi dugu geure burua, baina keinua mantendu behar genuen, gure txikitxoek erreferenteak izan ditzaten euskaraz».

Zortzi taldek hartu ahalko dute parte bertan. Eguraldi ona izanez gero, estalpeko agertoki bat izango dute musikarientzat, eta antzokira eramango dute programazioa bestela. Aurrez izena eman beharko dute emanaldietara joan nahi dutenek, eta streaming bidez ere zabalduko dituzte saioak. Eta oraindik erabat zehaztu ezin izan badute ere, antzeko formula darabilte buruan Durangoko Azokako egunetarako ere.

Bideak sortzeko beharra

Narbaizak «txalotu» egin ditu jaialdion eta Durangoko Azokako arduradunak, «gauzak antolatzen jarraitzeko nahiari eusteagatik». «Egunerokoan ikusten ditugunean etengabe deialdiak erortzen, gure eginbeharra da imajinatzea nola egin daitezkeen, eta uzten digutenera arte eustea».

2020an disko edo liburu bat argitaratu duten sortzaile guztiek eskatu ahalko dute lekua Ahotsenean, eta www.ahotsenea.euswebgunearen bidez eman beharko dute izena horretarako. Irailaren 14an zabalduko da horretarako aukera, 09:00etan, eta eskariak egindako ordenan emango zaie kabida programan. Aukeran dauden agertokietako zeinetan aritu nahi luketen ere zehaztu beharko dute, eta horren arabera saiatuko dira antolatzaileak egitaraua osatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.