Irakurgailu elektronikoak ez du azken urteetan espero zen adinako gorakadarik izan, baina liburu digitalen irakurketarako gailu eta euskarri berrien komertzializazioak susperraldia ekarri du azken hilabeteotan. AEBetako datuak esanguratsuak dira: iazko urtarrilarekin alderatuz gero, aurtengoan %115,8ko gorakada izan du liburu digitalen salmentak, AEBetako Editoreen Elkarteak eman dituen datuen arabera. 32,4 milioi dolar fakturatu ziren iazko urtarrilean, 69,9 aurtengoan. Audio-liburuen deskargen salmentak ere gorakada nabarmena izan du, %8,8koa.
Hala ere, liburuen salmenten fakturazioak %2ko jaitsiera orokorra izan du. Kontuan hartu behar baita liburuen fakturazio orokorraren %10 inguru dela, AEBetan, liburu digitalei dagokiena.
Euskal Herrian ere —azken urteetan salmentak nahikoa geldituta egon ostean— irakurgailu elektronikoen salmentak gorakada handi samarra izan zuen iazko abenduan, hainbat saltoki handitako saltzaileek BERRIAri adierazi diotenez. Eguberrietan izan zen gorakadarik nabarmenena, oparitarako objektu gisa batez ere.
Gorakada handiaren zain
Ez da, beraz, oraindik ere iritsi irakurgailu elektronikoen —eta horrekin batera liburu digitalen— esperotako boom-a, baina salmentek gora egiten jarraitzen dute, eta litekeena da, saltzaileen ustez, bat-bateko gorakada handia ez urruti izatea.
Donostiako Udal Liburutegiaren Sareak irakurgailu elektronikoak maileguan hartzeko aukera eskaintzen du iazko maiatzaz geroztik. Teknologia berrien erabilerarako diru-laguntzak baliatuz, 35 irakurgailu erosi eta sareko liburutegietan banatu zituzten, etairakurgailu guztiak maileguan eta erreserbatuta egoten dira beti harrezkero. «35 aparatu gutxi direla ikusi dugu, eta gehiago erosi eta eskaintzeko asmoa dugu», adierazi du Arantxa Urkia Donostia Kulturako liburutegi zerbitzuko arduradunak.
Irakurleen artean irakurgailu elektronikoaren inguruko jakin-min handia dagoela erakusten dute datu horiek, Urkiaren ustez, eta liburutegietako irakurgailu elektronikoetan liburu berriagoen kopia digitalak balira are estimazio handiagoa izango lukete aparatuek. Donostiako liburutegietako irakurgailu bakoitzak 300 liburu digital ditu barruan, eta horien %20 inguru baino ez dira euskarazkoak, Auspoa saileko aspaldiko obrak gehienak.
E-bookak jakin-mina piztu arren, salmentak oso mantso doaz goraka
Iragan eguberrietan irakurgailu elektroniko asko saldu zen, baina oraindik ez da erabilera uste zen adina zabaldu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu