EAEko udal zinema aretoen sarea eratu du Zineuskadi elkarte sortu berriak

Oraingoz, Tolosa, Ordizia, Andoain, Leioa, Barakaldo, Elorrio eta Zornotzak parte hartuko dute

Jendea zinema aretoetara erakarri nahi du Zineuskadik. GORKA RUBIO / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Lehenago liburutegiekin egin zuten bezala, orain EAEko udal zinema aretoen sarea osatu dute; hala, abian da Zineuskadi elkarte sortu berriaren proiektu nagusia. Jaurlaritzako Kultura Sailak EPE eta Ibaia ikus-entzunezko ekoizle elkarteekin batera eratu du, eta helburu nagusia «euskal ikus-entzunezko sektorearen garapen estrategikoa bultzatzea» da, elkartearen estatutuek jasotzen dutenez. Horretarako, laguntza eman nahi die sektoreko enpresa eta profesionalei. Gainera, Europako Media programaren barruan, euskal filmen eta film europarren zirkulazioa eta aretoetako ikusle kopurua handitu nahi ditu Mikel Toral eta Veronica Sanchezek zuzenduriko elkartesortu berriak.

Behin estrategia finkatuta, lehen ekimena jarri du martxan Zineuskadik. Zortzi udalek eratuko dute oraingoz udal zinema aretoen sarea, zeina Europa Cinemas sare europarrean integratuko den: Tolosak, Ordiziak, Arrasatek, Andoainek, Leioak, Barakaldok, Elorriok eta Zornotzak. Zineuskadiren lana sarea «koordinatzea eta dinamizatzea» izango da, komunikazio eta sustapen ekintzak sortzearekin batera. Gainera, sareko kideen arteko elkarlana sustatu nahi dute elkarteko kudeatzaileek, «ohiko arazoak aztertu» eta irtenbide bateratuak abian jartzeko.

Bertako zinema bultzatu

Aretoak biziberritzeko hainbat ideia planteatu ditu elkarteak:besteak beste, zikloak antolatzea, beste herrialde batzutako zinema-institutuekin elkarlanean; dokumentala bultzatzea, Hileko dokumentala atalaren bidez; Kimuak film laburren programan parte hartzen duten sortzaileen lanak ezagutaraztea; eta euskarazko zinema proiektatzea, Zinema Euskaraz programarekin akordioakeginez. Sarean ere jarriko dute filmen zerrenda bat oraindik halakorik martxan ez duten udal zinema aretoentzat. Era berean, iragarri dute ekintza plan bat antolatuko diela aretoei trantsizio digitalerako laguntza instituzionala lor dezaten.

EAEn egindako filmei «prestigioa» eman nahi die Zineuskadik.Jendea zinemara erakarrita, bertako ekoizpen etxeek irabaziak lortu, eta, hortaz, industria indartu nahi du irabazi asmorik gabeko elkarte horrek. Media programaren bidez, bertako sektorearen «babes politikarekin» jarraitzeko asmoa du, «eskaintzaren aniztasuna eta beste nazioekiko irekitasuna mantenduz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.