Bilboko Guggenheim museoan eta Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museo proiektuan izan diren irregulartasunen auzian EAk ez du Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburuaren dimisiorik eskatuko. Jarrera hori argitzeko komunikabideen aurrean agerraldia egin du Unai Ziarreta EAko lehendakariak. Izan ere, EAk Eusko Legebiltzarrak auzi horiei buruzko ebazpenak babestuko dituela jakiteak Jaurlaritzako EAJko kideen haserrea piztu duela zabaldu da egunotan; informazio horien arabera, Ibarretxe lehendakariak atsekabea agertu dio EAri erabaki hori hartu duelako.
Ziarretak agertu du EAko ordezkariek ebazpenen alde bozkatuko dutela datorren asteko osoko bilkuran, hain zuzen ere, legebiltzarkide izateak ez dituelako "itsu, mutu eta gor" bihurtzen eta kargua hartu aurretik kode etiko bat sinarazten dielako alderdiak, eta horren arabera, ikerketa batzordeak bultzatzeko konpromisoa hartzen dutelako.
Nolanahi ere, horrek ez duela esan nahi Miren Azkarate sailburuaren dimisioa eskaera babesten dutenik zehaztu du Ziarretak, ez zaielako zilegi iruditzen Balentziaga eta Guggenhein auzietan "erantzukizun pertsonala" eskatzea. Aitzitik, "erantzukizun politikoa" galdegin behar dela erantsi du, eta Kultura sailburuari erantzukizun politikoa eskatzeko modua dela ebazpenen alde egitea.
Eusko Legebiltzarrak Balentziaga eta Guggenheim museoetako irregulartasunen inguruan eratutako batzordeek proposatutako ebazpenetan Jaurlaritzako Kultura sailburuari axolagabekeriaz jokatzea egozten zaio bi museo horietako elkarte kudeatzaileen lehendakari den heinean, eta iruzurra saihesteko adinako kontrolak jarri ez direlako.
Balentziaga eta Guggenheim auziak
Ebazpenen alde bozkatu arren, EAk ez du Azkarateren dimisioa eskatuko
Balentziaga eta Guggenheim auzietan erantzukizun pertsonalik eskatzea ez dela zilegi iritzio dio Unai Ziarreta presidenteak, eta erantzukizun politikoa ebazpenen bidez kitatzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu