Mundu osoko 50 idazle batuko dituzte Edinburgon, bost egunez literaturari buruz gogoeta egin dezaten. Lehen mailako idazleak dira guztiak, Edinburgoko Nazioarteko Idazleen Bilkurako antolatzaileen hitzetan, eta Bernardo Atxaga ere gonbidatu dute. Edinburgoko Nazioarteko Literatura Jaialdi entzutetsuaren barruan antolatu dute ekitaldia, eta bost hitzaldi sorta egingo dituzte ostiraletik asteartera bitartean.
Idazketak gizartean betetzen duen zereginari buruz arituko dira 50 idazleak. Literaturak politikoa izan behar luke? Ahdaf Sueif idazle egiptoarrak gidatutako hitzaldiarekin hasiko dira saioak. Estiloaz eta edukiaz arituko dira larunbatean, Ali Smith eskoziarrak gidatuta. Literatura nazionalik baden eztabaidatuko dute igandean Irvine Welsh eskoziarrak gidatuko duen saioan. Egungo zentsurari buruz arituko dira Patrick Nessekin astelehenean, eta nobelaren etorkizuna izango dute mintzagai asteartean, Aharon Appelfeldekin.
Izen handiak daude parte hartuko dutenen zerrendan: Alan Bisset, Keith Gray, Alan Gibbons, Ben Okri, Joyce Carol Oates eta Elif Shafak, besteak beste.
Interneten ere emango dituzte hitzaldiak, eta beste hamahiru herrialdetan ere egingo dituzte bilkurak. Urtebetez arituko da biran, eta hurrengo abuztuan liburua kaleratuko dute jasotakoekin.
Zuzeneko grabazioa
Horrez gainera, irailaren 3an Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan izango da Atxaga, Jabier Muguruza musikari eta idazlearekin batera. Katuak eta paradisua ikuskizuna emango dute, eta grabatu egingo dute saioa Pamiela argitaletxeko kideek. Sarrera librea izango da.
Edinburgoko Nazioarteko Idazleen Topaketan mintzatuko da Atxaga
Eskoziako hiriburuan, 50 idazle bilduko dira, literaturaren egungo erronkez hitz egiteko, ostiraletik asteartera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu