Erakusketa

Eduardo Arroyo artistaren erakusketa jarri du Bilboko Arte Ederren museoak

Madrildarrak sortutako ‘Le retour des croisades’ azken margolanaren izena jarri diote erakusketari. Guztira 44 artelan bildu dituzte eta 2018ko apirilaren 9ra bitarte izango da ikusgai.

Eduardo Arroyoren 'Le retour des croisades' lanaren irudia. BILBOKO ARTE EDER MUSEOA
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko azaroaren 30a
13:43
Entzun

1994ean jaso zuen areto berak jaso ditu oraingoan Eduardo Arroyoren artelanak. Ia 25 urte igaro dira Bilboko Arte Ederren museoan Arroyori buruzko atzera begirako erakusketa jarri zuela. Atzera begirakorik ez oraingoan; XXI. mendean sortu dituen artelanak jarri dituzte ikusgai artistak 80 urte bete berri dituenean. Le retour des corisades margolana da sortu duen azkena: Ignacio Zuloaga artista eibartarraren Festako biktima (1990) margolanari egindako “parodia”. Bada, aurrez aurre jarri dituzten margolan biak, areto berean. “Nik Zuloagak azaldu ez zuen beste Espainia bat irudikatu dut nire koadroan; atsekabetutakoa, alegia”. Margolanez gain, Arroyok egindako eskulturak jarri dituzte erakusketan.

Espainiako egoera soziopolitikora lotuta dago Arroyoren obra. Frankismoaren aurka zuen jarreragatik Parisera jo zuen errefuxiatu gisa 1958an eta bertan garatu zuen artearekiko zuen zaletasuna. Hautsak harrotu zituen hasieratik: Frantziako hiriburuan, beste hainbat margolarirekin batera, 1960ean egindako erakusketa batek zeresan handia eman zuen, Los cuatro dictadores (Lau diktadoreak) irudikatu zituenean. Madrilgo Biosca galerian jarri zuten gero, baina Espainiako Gobernuak berehala zentzuratu zuten erakusketa. Norabide horretan, artistak espainiarren topikoak irrigarri uzten ditu bere lanetan: Doña Ines eta Don Juan Tenorio lanak dira horren erakusle.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.