Galdera bat dago Bilboko Guggenheim museoan jarri duten erakusketaren oinarrian, Troy Conrad Therrien komisarioaren hitzetan. “Erakusketaren abiapuntua galdera atenporal bat da: Zerk bilakatzen du arkitektura eraikuntza soil bat baino gehiago?”. Azaldu duenez, eraikuntza eta arkitektura hitzak elkarrekin agertu ohi dira beti. “Zergatik daude elkar lotuta? Esango nuke arkitekturaz ari garenean efektu hitzarekin lotzen dela eraikuntza. Zerbait gehiago gehitzen duela beti, berritzailea dena”. Guggenheim eraikina aipatu du komisarioak. “Arkitektoen psikean iltzatuta geratu da Guggenheim museoak efektu bat sortu zuela; eta horrek esan nahi du, efektu hitzaren atzean, berrikuntza edo esangura berri bat dagoela”. Eraikuntzaren eremuan “mugarria” izan zen Bilboko Guggenheim museoa. “Estreinakoz erabili zen teknologia halako eraikin bat egiteko. Esan nahi dut, ordenagailuen menpe egon zen eraikuntza osoa”. Hain zuzen, efektu horietan jarri dute fokua Architecture Effects erakusketan. Bihar zabalduko dute, eta 2019ko apirilaren 28ra bitarte izango da ikusgai.
Artea eta eraikuntza, biak biltzen ditu erakusketak, eta komisario bi elkartu dituzte horregatik: Conrad, New Yorkeko Guggenheim museoaren arkitektura eta egitasmo digitalen arte arduraduna, batetik; eta, Manuel Cirauqui Guggenheim museoko arte arduraduna, bestetik. “Artearen eta arkitekturaren elkarrizketa bat proposatu dugu; horren urrun eta, era berean, hain gertu dauden bi eremuen arteko hartu emana”, azaldu du Cirauquik.
Bi eremutan banatu dute erakusketa. Airlock izena jarri diote lehen eremuari, eta denboran atzera egiteko makina baten itxura eman nahi izan diotela azaldu du Conradek. “Ikusleak, 2018. urtetik 1997ra eramatea da gure asmoa”. 1997an inauguratu zen Bilboko Guggenheim museoa, eta, museoa ireki zen garaiko testuinguru kultural, teknologiko eta politikoa irudikatzeko, hainbat elementu itsasi dituzte sabaian. “Planetario baten itxura hartzen du”. Airlock eremutik, Lorategia izeneko aretora egiten du ikusleak jauzi. Hainbat arkitekto gazteren lanak jarri dituzte hor ikusgai. Frida Escobedoren Bestea lanak, adibidez, Mexiko Hiriko eraikin zahar baten kristalezko fatxada originala jarri du ikusgai.