Zortziko nagusian, ofizio guztietan entzun ziren bertso onak. Elortzak eta Egañak ekin zioten saioari, eta ondoren Jon Maia eta Amets Arzallusen ordua iritsi zen. Arzallusek final ederra egin zuen, eta Maia ere ongi aritu zen ofizioka. Lehengo lanean, bikote gaztea osatu zuten Arzallusek eta berak. Etxe berriaren hipoteka sinatzen ari ziren. Elkarrizketa bikaina osatu zuten. «Ene hauxe da konpromisoa / sakon-sakona gainera / ez elizatik ez zibiletik / bankutik ezkondu gera» esanez hasi zen Maia. Eta Arzallusek: «Ausardiatik adina daukat / nik oraintxe beldurretik / ea etxea ez den erortzen / hipotekaren aurretik». Gero Arzallusek txapelketa aipatu zion, eta Maiak: «Jada pareja de bertso gara / bankuaren izenean». Colina eta Mendiluzeren saioak erantzun on bat edo beste izan zuen, baita Lujanbio eta Iturriagarenak ere. Distiratsu ekin zioten hiru ume txikiren gurasoek. Aspaldiko partez asteburua bakarrik pasatzeko aukera zuten. Maialenen hasiera itzela da; Unairen lehena ere, ona:
Maialen Lujanbio
Ez da bat eta ezta bi ere
hiru, ta hiru da hiru
hiru neke ta hiru lan karga
bider hiru zenbat diru
umeak nola gainetik kendu
pentsatzen gabiltz beti gu
ta orain bakarrik geratu eta
ia ze ein ez dakigu. (bis)
Zortziko txikiak eutsi egin zion mailari, eta bi bertsoaldi aipagarriak izan ziren. Egañak eta Maiak egindakoa bata, eta Colinak eta Iturriagak egindakoa bestea. Egaña, parrandatik bueltan etorri ondoren, gosetuta, amak hurrengo egunerako prestatuta zeuzkan txipiroiak jaten hasi zen. Ama azaldu zitzaion kamisoian. Elkarrizketa polita osatu zuten. Colinak eta Iturriagak final ona egin zuten eta ale politak bota zituzten. Zortziko txikian, lan bilerara zihoazen Iturriaga langilea eta Colina nagusia. Iturriagak ez zekien nola esan nagusiari astiroago gidatzeko. «Jakin nahi nuke zelan / joaten den ehunera», bota zuen Iturriagak lehen bertsoan; eta Colinak ez zion ongi ulertu: «Esan ote didazu / soldata jaisteko?». Hirugarrenean, Iturriagak: «Zanpa zazu balazta / hara hara hara! / Hori Ertzainen kotxe / kamuflatu bat da», eta Colinak dotore: «Aizu horiek dira / nire bizkartzainak / enpresa berekoak / baitira Ertzainak». Ondo aritu zen Colina, eta ale politak utzi zituen. Puntuari erantzuten ongi aritu ondoren, hamarreko txikiaren txanda iritsi zen, eta lan horretan ere asmatu zuten. Saio denak izan ziren aipagarriak. Haietako bat, Egaña eta Mendiluzeren saioa. Bi apaiz ziren. Egaña apaizen ezkontzeko eskubidearen alde eta Mendiluze kontra:
Andoni Egaña
Ixipu errosaio
ta meza liburu
horrela zale asko
galduak ditugu
ezkontzearen alde
nago ni seguru
eskubide behar du
gainera helburu
gizartearekin bat
egin nahi badugu.
Aitor Mendiluze
Baina nolatan egin
beste baten kargu
ahal duenak Jainkoa
zerbitzen dihardu
eta horren zentzurik
etzazula galdu
beste bide batetik
abitu gera gu
gizarte bat egiten
nahiko lan daukagu.
Kartzelako gaia irekia zen, ia librea. «Aspaldiko partez gaur begiak busti zaizkizu», zioen. Andoni Egañaren lana biribila izan zen. Txapelketan zortzigarren geratu ondoren, etxera joan eta «nere semeak hala esan dit: / aita, ez dio ajola». Arzallusen bertso ederrek ere txalo eraso ikaragarria jaso zuten. Arratsaldeko saioa goizekoaren mailara iritsiko zen, bakarkakoan moteldu izan ez balitz. Bertso onak entzun ziren eta emozioak gora egin zuen. Seiko motzean bertsoaldi txukunak joan ziren eta erantzun ederren batzuk ere bai. Pena izan zen Arzallusek gaia alderantziz ulertu izana; bertso ederrak bota zituen, baina... Elortza bere onera etorri zen seiko motzean, eta Mendiluzek ere bere maila erakutsi zuen. Berriro bikain erantzun zion Egañari, hamarreko txikian bezala. Lankideak ziren, larunbat gauean tabernan topo egin, hizketan hasi eta ohean bukatu zuten. Astelehen goizean kafe makinan egin zuten topo. Lehen bertsoan Egañak: «Sexu joera lehen argi neukan / orain dudan nago». Eta Mendiluzek: «Orain dezu duda pranko / zergatik jakin beharko / agian sexu joera hain garbi / etzeneukalako». Egañak: «Sexu joerak joera, guk zer arraio egin behar dugu / hemendik aurrera».
Aitor Mendiluze
Estu daukazu arnasa
ta larrituaren traza
ez eman ez dun tranzendentzirik
ez izan eskasa
ez ote zera jolasa
hala ulertzeko kapaza
gau hortan zerbait pasa da baina
ez da ezer pasa (bis)
Puntuka saio ederrak egin zituzten, eta bakarlanean, Iturriaga eta Egañaren lanak izan ziren onenak, eta Lujanbiok, Arzallusek eta Elortzak ere txukun bete zuten ariketa. Azkenean, emozioa pil-pilean zela, buruz burukoraEgaña eta Iturriaga pasatu ziren. Handik aurrera hobeto aritu zen zarauztarra. Zortziko txikian saio polita egin ondoren, hamarreko handian aritu ziren. Egaña ongi aritu zen bidea zabalduz eta Iturriagak poto bat egin zuen. Kartzelako lanean bederatziko txikian aulkiari kantatu behar izan zioten:
Andoni Egaña
Atsedena hartzea
ez degu kalteko
eta hori lortzen da
bera tarteko
aulkia gauza ona da
bila joateko
nahiz aspaldian hemen
gu gauzkan menpeko
hainbat ikusteko
edo erosteko
Ikean bai lepo
desberdinak seko
baina ezetz txikirik
behiak jezteko. (bis)
Ondoren gai honi hiruna bertso bota zizkioten: «Gau eskola bateko irakaslea zara. Aurrean dozena bat pertsona dituzu neka-neka eginda, baina hala ere gogotsu». Hemen bikain jardun zuen Iturriagak, gaiari bikain helduz. Egañako eutsi egin zion. Iturriagaren lehengoa da hau:
Unai Iturriaga
Berriro ere klaseanbueno, zer moduz gabiltza?
Kaixo, Omar, aspaldiko!
Etorri zara, Haritza.
Klasea nahiz eta dugun
igual kutrea ta hitsa,
zuen begietan dago
ikasi nahiaren printza.
Zein etxeko lan gogorrak
fabrikakoa bortitza!
Lana bukatu ta gero
hona praktika ta mintza
hori ez da subjuntibo bat
hori da lehen baldintza.
Ondoren, beti bezala sari banaketan une hunkigarriak izan ziren BECen. Agur ederrak, txapeldunak oholtzakoen amei eskaini zien txapela, bertso eskoletako umeen bertsoa, ikusleak bero-bero zutik, olatuarena egiten... Egun biribila izan zen, gogoangarria.
Saioko bertsoa
Maialen Lujanbiok zortziko handian Unai Iturriagarekin kantatutako lehenengoa aukeratu dugu. Gutxitan entzuten da hain bertso hasiera ederra. Hiru ume zituztela esaten du gaiak, eta hara nolako hitz joko bikaina egin zuen Lujanbiok:
Ez da bat eta ezta bi ere
hiru, ta hiru da hiru
hiru neke ta hiru lan karga
bider hiru zenbat diru
umeak nola gainetik kendu
pentsatzen gabiltz beti gu
ta orain bakarrik geratu eta
ia ze egin ez dakigu. (bis)
Bertsolariek esanak
XABIER AMURIZA
«Terriblea izan zen; Egañak bere finalik onena egin zuen»
«Terriblea izan zen finala. Goiza oso orekatua izan zen. Finalistek berehala hartu zuten maila, eta maila horri eutsi zioten arratsaldean ere. Andoni Egañak bere finalik onena egin zuen, osatuena. Bikain aritu zen. Unai Iturriaga terrible aritu zen, oso bertso politak egin zituen bakarka nahiz ofizioetan. Maialen Lujanbio ere dotore ibili zen, nahiz eta ez zen egon esplosiboegi. Amets Arzallus bere mailan ibili zen. Igor Elortzak, berriz, gehiago eman zezakeen. Sustrai Colina asko gustatu zitzaidan. Oso final ona izan du txapelketak, maila handikoa».
MIREN ARTETXE
«Beste batek irabazita ere, Egañak onena izaten jarraituko luke»
«Ona, oso ona izan zen finala.Kristoren kalitatea egon zen, izugarria. Batez ere estilo desberdinak entzun ahal izan ziren, eta, zentzu horretan, oso final aberasgarria iruditu zitzaidan. Garbi nuen Andoni Egañak irabaziko zuela. Bera ez zen beste batek irabaztea nahi nuen, aldaketa nahi nuelako, baina beste edozeinek irabazita ere, Egañak onena izaten jarraituko luke. Unai Iturriaga oso gustukoa dut, eta oso ondo ikusi nuen. Nahiz eta beste bertsolariak ez iritsi Egañaren perfekzio mailara, haien estiloak Egañaren perfekzioa bezainbeste eskertzekoak dira».
XEBASTIAN LIZASO
«Dena ematera joan zen Unai Iturriaga, eta asmatu zuen»
«Bertsolariek eta entzuleek erakutsi zuten mailagatik eta sortu zen giroagatik, zoragarria izan zen finala. Finalistak ondo aritu ziren, beren gorabeherekin, baina ondo. Egaña lasai ikusi nuen. Aurretik esana zuen lasai joango zela saioa egitera, ez zuela estutu nahi, eta estutu gabe ere ondo ibili zen. Maialen ondo ikusi nuen, bakarka kantatu zuen arte. Iturriaga ondo aritu zela uste dut; poto batek alde egin zion, eta Ametsekin paperak aldatuta ibili zen soldaduena abesten, baina ondo. Unai dena ematera joan zen, eta asmatu egin zuen. Landu gabeko diamantea da».
JOKIN URANGA
«Maialenek harribitxi ugari utzi zituen, nahiz eta nekatuta sentitu»
«Badakigu Egaña zer motatako makina den. Berak esaten du plazan bezala kantatzera joan zela, eta, dudarik gabe, bera da plazetako txapelduna. Unai Iturriagak denak harritzeko moduko dohain asko ditu: errimak, bertsotarako era berezia... Ondo merezitako bigarren saria eskuratu zuen. Maialen ondo hasi zen, topera, baina ez dakit, nahiko lotuta eta nekatuta sentitu zela esan zuen berak. Hala ere, harribitxi ugari utzi zizkigun. Amets oso seguru aritu zen, ez zirudien bere lehenengo finala zenik, eta entzuleek ondo eskertu zioten agertu zuen indarra»
ANJEL MARI PEÑAGARIKANO
«Finalean ikusi genuen aspaldiko Unai Iturriagarik onena»
«Arratsaldean maila zerbait jaitsi egin zen, baina, oro har, hango jendea, hango entrega oso handiak izan ziren. Egaña maisuetan maisua da. Ez du inoiz huts egiten. Oso zaila da hari txapela kentzea, erretzen ez den motorra baita. Finalean ikusi genuen aspaldi honetako Unai Iturriagarik onena, ironiko eta jenialitate puntu batekin, oso ausart eta fresko. Maialen Lujanbio ondo ikusi nuen; hamarreko txikian ale bikainak bota zituen. Amets Arzallus espero zen bezalaxe aritu zen: fresko, azkar eta bizi. Etorkizuneko txapelduna izateko aukera du». .
ONINTZA ENBEITA
«BECen eman zioten Egañaren txapelari tirakadarik argiena»
«Finala bera, itzela izan zen. Bertsolariek emandako maila izugarria izan zen, eta entzuleen jarrera ez zen gutxiagorako izan. Egañak irabazitako lau finaletan egon naiz, eta inpresioa daukat Barakaldon eman ziotela haren txapelari tirakadarik argiena. Hala ere, oraindik bera da nagusi. Unai eta Amets oso ondo ikusi nituen, baina Unaik egun osoan mantendu zuen bere ukitu berezi hori, eta goia jo zuen; bertso ederrak entzun genizkion Donostiako partez. Maialenek astroak alineatuta ez izatea pena da, eta, bide batez, Igorrek ere egun ona ez izateak penatu ninduen».
AMAIA AGIRRE
«Ez nuen argi Unai Iturriagak egun osoan mantenduko zuenik klasea»
«Bakarkako lan batzuk oso onak izan ziren, dudarik gabe, baina ofizioetan jo zuten bertsolariek goia. Egaña aurrekoetan baino lasaiago zegoen, berarekin hitz egiteko aukera izan nuen, eta lasai zebilen. Maialenengatik hartu nuen pena handia. Ez nuen ikusi orain dela lauzpabost hilabeteko saioetan bezala. Sekulako maila du, faboritoetako bat nuen, oso bertsolari maitea dudalako agian. Bestalde, ez nengoen seguru Unai Iturriagak duen klase hori goiz eta arratsaldez mantenduko zuen.Eta mantendu zuen, bai. Bikain aritu zen».
ASIER OTAMENDI
«Maialeni, beharbada, kalte egin zion finalera zuzenean igarotzeak»
«Egun gogoangarria izan zen.Oso giro ona izan zen, eta bertsolariek asko eman zuten. Merezitako txapelduna daukagu. Egaña oso ziur aritu zen, oso suelto, inoiz baino hobeto. Hasieran apal ikusi nuen, bazirudien galtzera joan zela finalera. Baina inoiz baino seguruago ikusi nuen gero. Iturriaga bigarren postuan ikusteak izugarrizko poza eman zidan. Urte askoko lan eta ekarpenengatik, merezi zuen postu hori. Eta asko poztuko nintzatekeen Iturriaga txapeldun atera izan balitz. Maialeni, beharbada, kalte egin zion finalera zuzenean igarotzeak».