Dialektika eta arrazoia zituen egiara iristeko bide Platonek. Nork bere arrazoia izaten du, ordea, eta mintzaideen arabera ere dialektikak forma eta bide desberdinak har ditzake. Platon-ek bizkar zabalekoa esan nahi omen du grekoz —Aristocles zuen benetako izena, eta pentsalari izan aurretik atleta izan zen—, eta arazo handirik gabe jasan ahalko zuen hark jakitea poesiaren edo, zehazkiago, poeta batzuen aurka idatzi eta 25 mende geroago filosofia eta poesiaren dialektikaren inguruko gaiak, bizi-bizirik ez bada ere, oraindik ere interesa pizten jarraitzen duela. 2010eko irailaren 27tik urriaren 5era Ontologiako IX. Nazioarteko Kongresua egin zen Donostian eta Bartzelonan, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak antolatuta. Kongresuko sailetako bati Parmenides: pentsatze filosofiko eta pentsatze poetikoaren erroa deitu zioten, Mendebaldeko filosofia modernoaren ernamuintzat hartzen den Parmenidesen poema famatua gogoan izanik. Kongresu hartako hainbat ekarpen Filosofia eta poesia liburuan bildu ditu oraintsu Jakin argitaletxeak, besteak beste, Joxe Azurmendi, Juan Kruz Igerabide, Javier Aguirre, Juan Ramon Makuso, Felipe Juaristi eta Maite Etxanizen testuekin.
Politeia-ko X. liburuko solasaldietako batean, Platonek kanporatu egin zituen poetak. Zehatzago litzateke poeta imitatiboak kanporatu zituela esatea, dramatikoak eta epikoak batez ere. Honela diotso Platonek Glauconi: «Poesia imitatiboak biziotsu eta zorigaiztoko egiten gaitu, gure arimaren gainetik pasio horiei indar handia ematen dielako». Joxe Azurmendi filosofo eta idazleak Filosofia eta poesia liburuan dio bi planteamendu kontrario daudela filosofia klasikoaren hastapenean eta azkenean, hau da, Grezia klasikoan eta gaur egun. «Platonek kondenatu eta Errepublika idealetik desterratu egin zuen poesia (Homero), filosofiaren izenean. Heideggerrek, alderantziz, filosofia berriaren aitzindari eta maisutzat aitortzen du Holderlin (poesia)». Baieztapen argi horren ondotik zergatia ere badator: «Platonek egia biribila bakarrik onartzen duelako egiatzat, arrazionalki oinarritua eta aldaezina, absolutua. Horrela, poesian ezin du ikusi bestelako egia bat, egiaren bestelako bilaketa bat, ezpada engainua eta gezurra soil-soil. Heidegger, aldiz, Absolutua (letra larriz) hil eta geroko filosofoa da, eta poesian ez du ikusten filosofiaren arerio bat, aliatua baizik».
Ahozkoa eta idatzizkoa
Aspaldiko eztabaida da filosofiaren eta poesiaren artekoa, «hitza bera sortu zenetik honakoa», Felipe Juaristi idazlearen hitzetan. Ahozkotasunetik idatzirako bilakaeran kokatzen du bien arteko urruntzea Juaristik. «Oroimenaren ariketa zen filosofia, ahotik belarrira zabaldu beharreko ekintza. Ahozkotasunak bere legeak zituen, bere teknikak, hitzik gal ez zedin. Idazketa geroxeago sortu zen, eta bizitzaren ordena eta logika aldarazi zituen. Filosofia eta poesia banandu ziren. Ahozko erari eutsi zion poesiak, eta filosofiak idazteko arauak onartu zituen. Ongi irakurtzen badira Platonen testuak, ohar gaitezke ahozko tradizioa bazterrean geratzeak edo geratu izanak bultzatu zuela gogoetara. Poetak onartzen ditu, ahots propioa eta ez inpostatua duten neurrian; ahozkotasunari men egiten dioten neurrian». Platonen poesia hori hurbilago dago guk literatura deitzen dugunetik gure poesia-tik baino, Markos Zapiain filosofia irakasle eta idazlearen hitzetan. Hori kontuan hartuta, eta poesia eta filosofia bereizteko irizpideak ezarri nahi izanez gero, Gilles Deleuze filosofo frantziarrarena da «egokia», beste saiakera batzuen artean, Ia guztiaren funtsaz. Kojeve globalizatzaile (Jakin, 2006) eta Txillardegi eta ziminoa (Susa, 2007) idatzi dituen egilearentzat: «Literatura pertsonaien sorkuntza da batik bat, eta filosofia, berriz, kontzeptuena. Poesiak Odiseo, Antxo Gilbor, Carmen, Ramsey anderea eta Metxa eman dizkigu, eta filosofiak homeomeriak, cogitoa, betiereko itzulera eta eromena». Helburura iristeko nondik norako bidea egiten duen bakoitzak. Norabidea, alegia. Horra filosofia eta poesiaren arteko alderik agerikoena Zapiainen ustetan: «Poesia konkretutik abiatzen da, orokorrera igotzeko, eta filosofia alderantziz: poesiak pertsonaia zehatz baten bidez ematen du gai filosofiko nagusien berri: egia, denbora, maitasuna, heriotza. Filosofoak, aldiz, gai nagusi horiei buruz diharduen arren, ahal bezain neutro eta objektibo, bere buruaren berri ematen digu ohartzeke; aitormen gutxi-asko inkontzientea izaten da bere filosofia, gorputz baten autobiografia, Nietzschek Zientzia alaia-ren aitzinsolasean azaldu zuenez».
Platonek bereizi zituen filosofia eta poesia, eta, geroztik, nork bere bidea ere egin du. Baina pentsalari moderno zenbait, Nietzsche eta Heidegger, esaterako, eta, berrikiago, Zapiainek aipaturiko Deleuzez gain, Hans-George Gadamer, Jacques Derrida eta Richard McKay Rorty literaturak egiarako bidean eskaintzen duen edukia berrinterpretatzen saiatu dira. Derridak esana eta idatzia da, esaterako, filosofia «idatzia» dela, oroz gain, eta, horrenbestez, beste literatur genero bat dela. Testu filosofikoak literatura balira bezala aztertu behar direla, alegia. Amaia Iturbide idazle eta irakaslearen ustez —Eszenatokietako aztarnak hasten direnean poema liburua argitaratu zuen iaz Ereinekin— , oro har, «desberdinak» dira filosofia eta poesia, baina badituzte puntu komunak ere: «Pentsamenduan edo hausnarketan dihardute, edo, bestela esanda, giza existentziari lotuta daude, galderak hobesten dituzte erantzunen gainetik, kontzientziari eragiten diote, egiez, esanezintasunaz, haratago dagoenaz, eta esanahiez ari dira, eta aniztasunaren izenean posibilitateak mahai gainean jartzen dituzte. Biak sorkuntza dira, gauzak azaltzeko daude, eta hitza dute lanabes». Bai filosofiak eta bai poesiak ere, biek ala biek, «mundua ekarri nahi dute hitzen errealitatera», Juaristiren hitzetan: «Filosofiak mundua interpretatu nahi du, haren transzendentzia aurkitu eta adierazi. Poesiak mundua ospatu nahi du, zelebratu, gozatu. Horrela zen aspaldiko garaietan. Horrexegatik Platonen ateraldia poeten aurka. Ez zirelako munduaren transzendentziaz kezkatzen». Arrazoimenak eta sentimenak, ordea, Descartesen garaian banandu ziren, eta, orduz geroztik, filosofia eta poesia «elkarren bila» ibili dira. Edonola den, «une interesgarritzat» jotzen du bien artekoa Juaristik. «Filosofiaren akatsak poesiak zuzentzen ditu; eta poesiaren eskasiak, filosofiak asebete. Filosofia poesiaz janzten da; eta poesia filosofiaz elikatzen da. Errealitatea aberasten da, horrela». Pentsamenduaren poesiaren barnean kokatzen du bere burua Juaristik. Aritz Gorrotxategi, Pello Otxoteko eta Juan Ramon Makusorekin batera, poesiaren pentsamenduaren aldeko manifestua plazaratu dute azken urteotan.
Bi arloak bereiztearen alde
Diskurtso eta generoen arteko «bereizketa aprioristiko eta zurrunak» egiten ibiltzea «lan antzua» da Beñat Sarasola idazlearentzat —Filosofian lizentziatua ere bada—. Hala ere, filosofia eta poesiaren artean desberdintasunak egon badaudela-eta bi esparruak bereiztearen aldekoa da. Nola bereizi? «Hurbilketa pragmatikoa-edo» proposatzen du Sarasolak. «Alegia, gure eguneroko erabileran poesiatzat duguna da poesia, eta filosofiatzat duguna filosofia. Pernandoren egia ematen du, baina poesia edo filosofiaren esentziaren bila ibiltzea alferrikako lana iruditzen zait». Filosofia eta poesia uztartzeko ahaleginak «oso dudazkoak» iruditzen zaizkio eskuarki, «halako melange sasifilosofiko-sasipoetiko batean erortzeko arrisku batean geratzen baitzara. Asko gustatzen zaigu generoen arteko nahasketaren bandera hartzea eta abar, baina, oro har, uste dut gauzak nahasi besterik ez dutela egiten halako saiakerek», dio Kaxa huts bat (Susa, 2007) eta Alea (Susa, 2009) poema liburuen egileak.
Bi jardueren artean «harremana» dagoela inork ez du zalantzan jartzen. «Bakoitzak bere eremua berreskuratu beharko luke», Amaia Iturbideren iritzian: «Ezin baitaiteke poesiarik idatzi filosofiaren diskurtso eta moldeekin, ezta filosofiarik egin poesia idazten den modura ere. Hau ez da kontu formal hutsa, ikuspegi eta planteamendu arazoa baizik. Tonu arazoa bada, ez dezagun ahantz poesiak bere-berea daukan izaera duela, hau da, barnerantz begiratzen duela».
Egia helburu, bi norabide
Filosofiak eta poesiak gerturatze eta urruntze faseak izan dituzte hitza hitz denetik. Zenbaitentzat bi esparruak ondo bereiztea interesgarriagoa da, eta beste zenbaitek naturalago ikusten du bien arteko ezkontza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu