Gerra ardatz duten film gehientsuenetan gizon ausart eta lerdenak ikusi ohi ditugu, baina Mikel Rueda zuzendariak Saturrarango espetxean preso egondako emakumeakhartu ditu hizpide Izarren argia bere lehen lan luzean. Bilbotarrak dokumental bat egin zezakeen, baina fikzioa nahiago izan du. Kieslowskik dokumentalak egiteari ekin zion hasiera batean, baina generoaren konbentzioek errealitatetik urruntzen zutela konturatu zen. Lacanen ustez, egiak fikzioaren egitura du. Venezian Urrezko Lehoia erdietsi zuen The Magdalene Sisters (Peter Mullan, 2002) lanean naziak ez ziren inondik inora ageri, baina ez zen bertan munstrorik falta. Irlandako zenbait komentutan preso zeuden emakume aurrerakoiek jasandako bortxa salatu nahi izan zuen egile eskoziarrak. Istorio hartan ere autoritatea mojen esku zegoen, eta batek baino gehiagok Jainkoaren existentziaz gogotik hausnartu behar izan zuen. Eliza katolikoak balioen, familiaren eta moralaren izenean egindako astakeriek ez dute mugarik, eta Mullanek egin zuen bezala elizako zerbitzari leialen benetako aurpegia erakutsi nahi izan digu euskal zinemagileak. SSkoen uniforme dotoreen ordez, mojen abitu zuriak ditugu, eta Mengele erakargarriaren ordez, Patxi Santamariak haragitzen duen Vallejo doktorea daukagu. Bilbotarraren opera prima oso ongi egina dago, eta osagai guztiak ditu, nahiz eta hutsune batzuk izan badituen. Gaia benetan interesgarria eta gogorra da, baina ez du ikus-entzulea guztiz emozionatzea lortzen, zenbait unetan, agian, arima falta baitzaio. Eta ez da protagonistengatik, aktoreen lana benetan zoragarria baita. Azken urteotan oroimena bizirik mantentzeko beharraz asko hitz egin da, eta lekukotza moduan ikaragarrizko balioa duenik ezin uka dakioke pelikula honi.
Bestalde, Danis Tanovic bosniarraren Cirkus Columbia estreinatu da Zabaltegi-Bitxiak sailean. Gerrak eztanda egin baino lehenagoko testuingurua aurkezten digu, baina zuzendariaren helburua jendeari barre eginaraztea da. Balkanetako gerrak aski ezagunak dira dagoeneko, eta Tanovicek film arin eta atsegin bat egin nahi izan du. Zizeken arabera, txiste etnikoak amaitu zirenean hasi ziren tiroak, hortaz, hobe da elkarren arteko gatazkak umorearen bidez konpontzen saiatzea. Bosnia eta Herzegovinako herri txiki bateko gorabeherak kontatzen ditu, eta gerrak herritarren arteko tentsioa areagotu besterik ez du egingo. Divko hogei urteren ostean etxera itzuli da bere lagunak alkatetza eskuratu duela jakin duenean, eta bere etorrerak hankaz gora jarriko du dena. Eszena gogoangarriak ditu.
DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. Fantasien gatibu
Egiaren bila, fikzioaren bidetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu