Oleg Caetani zuzendari lanetan duela, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Jesus Egiguren Kindly Symphony obra estreinatuko du bihar, 20:00etan, Gasteizko Principal antzokian, eta ondorengo egunetan Donostiako Kursaalean (hilaren 7an eta 10ean), Iruñeko Baluarten (hilaren 8an) eta Bilboko Euskalduna jauregian (hilaren 9an) emango du. EOSen enkarguz sortu du Egigurenek Kindly Symphony, emaztearen oroitzapenari eskainitako obra. Partitura hori «EOSek sortu zenetik irmoki garatu duen euskal konpositoreen ekoizpenaren sorkuntza eta zabalkuntza bultzatzeko politikaren barruan enkargatutako obren katalogoari batzen zaio», EOSeko iturriek adierazi dutenez.
Jesus Egigurenen (Durango, 1945) Kindly Symphony «sinfonia klasiko ohikoa da, bizi garen garaiako ezberdintasunekin eta egileak zilegi dituen lizentziekin betiere», egilearen beraren hitzetan. Lizentzia horietako bat «tratamendu laburra» da, eta sinfonia «kontzentratua» dela esan daiteke. Durangoko Orfeoiaren zuzendari izan zen Egiguren, eta haren konposizioen katalogoan nagusi dira abesbatzarako lanak, 50etik goraguztira: 12 apuntes a un tema vasco (1987), Et j'aime uniquement… (1994), Kometak haizetan (1996) eta Ad festivitatem Corpus Christi (2004), horien artean.
Oleg Caetani maisua 1999an aritu zen estreinakoz EOSen denboraldian zuzendari gonbidatu gisa, eta geroztik beste zenbaitetan ere aritu da EOSekin. 1999.az geroztik harreman berezia du Giuseppe Verdi Milango Orkestra Sinfonikoarekin.
'Biolin gorria' Matineean
Egigurenen aurretik, beste hainbat musikagile ezagunek sortu dituzte lanak EOSen enkarguz, hala nola Carmelo Bernaola, Felix Ibarrondo, Luis de Pablo, Anton Larrauri, Francisco Escudero, Rafael Castro, Tomas Aragues, Ramon Lazkano, Gabriel Erkoreka, Zuriñe F. Gerenabarrena, Antonio Lauzurika eta Joseba Torrek.
Bestalde, Miramongo Matineen programazioaren barruan,Kabestri taldeak eta RaphaelChrist biolinistak John Coriglianoren Biolin gorria emango dute bihar,EOSen Donostiako egoitzan, 11:00etan, Karl Jenkins, Joaquin Turina, Aaaron Copland eta Peter Warlocken lan banaz gain. Matinee horretan Kabestri taldearekin batera bakarlari gisa aritzeaz gain, Raphael Christ kontzertino gonbidatu gisa ariko da Egigurenen obra eskainiko duen abonamendu programaren barruan. Gustav MahlerGazte Orkestrako kontzertino eta biolin jotzailea da Raphael Christ.
Egigurenen 'Kindly Symphony' estreinatuko du EOSek
Bihar hasita, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan emango dute orkestrak enkargatutako obra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu