Egileek ez dute beren lana aurkeztu beharko Euskadi saria jasotzeko

Aurten, epaimahaiak aukeratuko ditu literatura sarirako hautagaiak

Iaz, euskarazko literaturaren arloan, Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberria saritu zuten. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
2014ko ekainaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Duela urte batzuetatik aldarrikatzen zutena onartu dute Editore eta idazleen elkarteek. Euskadi Literatura sarien araudia aldatu egin du Eusko Jaurlaritzak. 2010az geroztik, sariketan parte hartzeko, liburuen egileek eta argitaletxeek aurkeztu behar zituzten lanak. Baina, aurten, epaimahaiak aukeratuko ditu hautagaiak, eta, araudian agertzen denaren arabera, kontuan hartu ahal izango dituzte sektoreko elkarte estrategikoen ordezkariek egindako «proposamenak» ere.

«Lehiaketa bat izaten hasi, eta sariketa bat bihurtu gara», azaldu du Eusko Jaurlaritzako Kultura sustatzeko zuzendari Clara Monterok. Gaineratu du epaimahaiak aukeratutako lanez gain, editore eta idazleek euren obrak aurkezteko eskubidea eta askatasuna izango dutela aurrerantzean ere. «Baina epaimahaikideek ikusiko dute, gero, proposamen horiei kasu egin edo ez», zehaztu du.

Euskal Editoreen Elkarteko lehendakari Jexuxmari Mujika gustura dago aldaketarekin. «Bidezkoagoa iruditzen zaigu, zalantzarik gabe». Adierazi duenez, ez zitzaien egokia iruditzen argitaletxeek eta idazleek aurkeztu behar izatea hautagaitza. Sistema horrek arazoak sortzen zizkien urtero bi aldeei. «Gure urte osoko ekoizpenetik, argitaletxeek zergatik aukeratu behar genituen bi edo hiru liburu bakarrik?Ez zeukan zentzurik. Autorearentzat ere nahiko desatsegina zen». Monterok esan duenez, urte horretan argitaratutako liburu guztiak aurkeztera derrigortuta ikusten zuten euren burua editoreek askotan, eskura zituzten lanen artean hautaketa egin ezinik.

Euskarazko literatura produkzioaren neurria ez dela hainbesterainokoa uste du Mujikak, gainera, eta epaimahaiak gai izan behar duela arlo bakoitzeko lanik garrantzitsuenak hautatzeko. 2010ean jarri zuten aurkezpen sistema indarrean, eta orduz geroztik urtero eskatu dute sistema hori aldatzeko, baina Mujikak dio beti erantzun bera jaso dutela. Jaurlaritzaren hitzetan, sarien dirua ez zuten sari formulapean ematen, diru laguntza gisa baizik. Horregatik, liburu guztiek zuten laguntza horretara aurkezteko eskubidea. Eta, horregatik, lanak aurkezteko baldintzarena.

Aldaketarekin, sektoreak — Euskadiko liburu ganbara, euskal editoreen eta idazleen elkarteek— urte hauetan eskatzen zuenari erantzun nahi izan dio Jaurlaritzak orain.

Sari bat gutxiago

Beste aldaketa bat ere izan da araudian. Gaztelaniazko haur eta gazte literaturako arloa kendu egin dute sariketatik. «Atal oso berria zen, oso lan gutxi aurkezten ziren, eta saria hutsik ere geratu izan da. Arlo horretan produzitzen den gehiena euskaraz da», dio Monterok.

Modu horretan, aurten zazpi atal izango ditu sariketak: euskarazko literatura, gaztelaniazko literatura, euskarazko haur eta gazte literatura, euskarazko literatura itzulpena, literatura lanaren ilustrazioa eta euskarazko eta gaztelaniazko saiakerak. Atal bakoitza osatzen duten bost epaimahaikideek hautatuko dituzte irabazleak.

Saridunak 18.000 euro gordin jasoko ditu, eta Jose Ibarrola Berrillok eginiko eskultura bat. Horrez gain, garaile bakoitzari 4.000 euro gordin emango zaizkio, saritutako lana jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua sinatu ostean —euskarazko itzulpenaren kasuan salbu—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.